Euskararen Egunerako adierazpen instituzionala adostu dute talde guztiek
Biharko Euskararen Egunaren harira, PSE-EE, EAJ, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta PP taldeek irakurketa bateratua adostu dute.
Biharko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Udalak adierazpen instituzionala egin du gaur. Udal talde politiko guztien artean adostutakoa testua izan da.
Adierazpenean, lehenik, Euskararen Eguna “jauzika datorrela” diote, mendez mende, egunez egun, bihotzetik bihotzera eta nola ez, ezpainez ezpain. “Jauzi egiten du euskarak egunaren mugez gaindi ere. Jauzi egiten du euskarak muga guztiez gaindi, gure ahoan bizi-bizi, gure belarrietan zernahitarako prest beti. Noranahiko euskara gurea, denona”.
Euskarak bide luzea egin duela diote adierazpenean, eta euskalgintzan ari direnak (alderdiko kideak tartean) prest daudela eta “gogotsu, irakaspena barneratzeko eta praktikan mamitzeko”. Hala, bigarren Euskaraldian parte hartzeko deialdia egiteko ere baliatu dute irakurketa.
Hemen adierazpen osoa irakur daiteke.
Biharko egitaraua:
- 10:00. Euskara eta Euskaraldiaren inguruan bizipenak eta desioak elkarbanatzeko aukera.
- 18:00. Hika antzerki taldearen eta Oinkari dantza taldearen Sagartu ikuskizuna, Urdanibia plazan.
- 19:30. Soinujolearen semea filma, Amaia Kultur Zentroan. Proiekzioaren ostean, Fernando Bernues zintaren zuzendariarekin hitz egiteko aukera egongo da.