Arma Plaza fundazioak Euskararen Egunarekin bat egin du
Tren berdea baliatuta, txikiei zuzendutako euskarazko doako bisita gidatuak hirian barrena antolatu ditu biharko.
Umeei zuzendutako Euskararen Eguna antolatu du Arma Plaza fundazioak biharko. Han-hemenka egingo diren ekitaldiekin bat egin, eta tren berdea ikasleen zerbitzura jartzea erabaki du. Hala, Hondarribia hobeto ezagutzeko helburuarekin, doako euskarazko bisita gidatuak egingo dituzte bihar.
Fundaziotik gogorarazi dutenez, iaz Euskaraldiara eta horren bueltan antolatutako ekitaldi guztietara batu nahi izan zuten. Aurten, aldarrikapenekin ere bat egin nahi zutelako ikastetxeei zuzentzeko erabakia hartu dute. «Euskaraldiaren lehen edizioak hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko balio izan zuen eta hurrengo edizioari begira eremu berrietara zabaltzeko lehen urratsa izan zen», azaldu dute. Ildo horretan, herritar oro egunero euskaraz bizitzera zein gozatzera gonbidatu dute: «Bigarren edizioa datorren urteko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da baina iritsi arte, goazen egunero euskaraz gozatzera!».