[Galeria] Euriari bertsoekin egin diote aurre hondarribiarrek
Maddalen Arzallus eta Alaia Martinekin bertsopoteoa egin dute herritarrek Hondarribiko kale eta tabernetan zehar, Euskararen Asteburuaren barruan.
Euskararen Egunarekin lotutako jarduera eta ekitaldi ugari egiten ari dira azken egunotan Hondarribian, zehazki Euskararen Astearen barruan. Bada, gaur, Blagan elkartearen eta udalaren egitasmoz, egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek.
Goizean, etxeko txikienen gozamenerako, eskulan tailerrak egin dituzte, Santa Maria Madalenaren eskutik. Eguerdian aldiz, Maddalen Arzallus eta Alaia Martinekin bertsopoteoa egin dute herriko kale eta tabernetan zehar. Eguraldiak lagundu ez arren, askok aterkia hartu eta kalera ateratzeko pausua eman dute, bertso saio berezi eta dibertigarri batez gozatzeko.
Eguerdian aldiz, Arma Plazan bazkari herrikoia egin dute. Karpa erraldoia batek estali ditu hondarribiarrak. Sabelak ongi bete ostean, kantu bingoa egin dute. Eguna biribiltzeko, Andoni Ollokiegi eta Trikizio oholtza gainera igoko dira.
Euskararen aldeko asteburu berezia bukatzeko, bihar, 11:30tatik aurrera, grafiti tailerrak egingo dituzte gazteentzat, Arrantzale auzoan. Gidari bezala, Judas Arrieta artista ariko da.