Lan eskaintza publikoa egingo du udalak 2020. urtean
Udal langile faltari eta behin-behinekotasunari irteera ematen ez dion lan eskaintza dela iritzi zioten oposizioko alderdi guztiek.
PSE-EEk, EH Bilduk eta Abotsanitzek udal langile falta eta pairatzen duten behin-behinekotasuna leporatu zioten EAJren udal gobernuari atzo egindako ez ohiko udalbatzarrean. 2020. urterako lan eskaintza publikoaren inguruko eztabaida jorratu zuen udalbatzak. Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziaren arabera, «egonkortasuna hobetzeko» helburuarekin egindako eskaintza da, nahiz eta «eztabaida eta kezka hor dauden». Aipatutakoa lanpostuen artean daude, besteak beste: administrariak, udaltzainak, udaltzain laguntzaileak, gizarte langile postu bat…
Iragarritako lan eskaintzarekin desadostasuna agertu zuten oposizioko alderdiek. Iosu Alvarez sozialistak argi utzi zuen alde bozkatuko zuela, «baina egia da horrela ez diogula konponbiderik ematen egoera honi».
EH Bilduko Xabier Isasik bere aldetik abstentziora joko zutela iragarri zuen, eta gizarte zerbitzuek eta Udaltzaingoak bizi duten egoeraz ohartarazi: «Benetako beharra dute». Legediak zehaztutako udal langileen %8ko behin-behinekotasuna «ez dugula beteko» leporatu zion udal gobernuari.
Biztanle kopurua kontuan hartuta Hondarribiak «oso lanpostu zerrenda txikia» dela kritikatu zuen Abotsanitzeko Igor Enparan bozeramaileak: 81 denera. Zehaztutakoaren arabera, 79 karrera funtzionario eta 2 izendapen berezikoak, eta kritiko agertu zen udal kudeaketarekin: «Langileen estrukturan aldaketa sakona behar dugu».
Langile zerrenda txikiaz gain «hamabost lanpostu hutsik» daudela salatu zuen Enparanek, eta ez hori bakarrik: «Beste 25 langile behin-behinean kontratatuak daude». Ildo horretan, iragan astean udal langileek pairatutako egoera ohar baten bitartez salatu zuen alderdiak, eta legeak zehaztutako %8ko behin-behinekotasuna nola.
Bozketak ez zuen ezusteko handirik eman eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin aurrera atera zen 2020. urteko lan eskaintza publikoa.