«Aukera historikotzat» jo du mugikortasun plana Balazta plataformak
Hondarribiko Udalbatzak aho batez hartutako erabakia «proiektuaren garrantzia» agerian uzten duela adierazi du elkarteak: «Asmo handiko proiektua da, eta bere ekarpena egiten dio klima-aldaketaren aurkako borrokari».
Udalbatza «bere osotasunean» zoriondu nahi izan du Balazta elkarteak aho batez onartutako Hondarribiko Mugikortasun Jasangarrirako Planarengatik (HMJP). Erabakia gehiengo osoz hartu izanak «proiektuaren garrantzia» agerian uzten duela iritzi dio taldeak, eta beraz, «aukera historikoa» dela sinetsita dago. Are gehiago: «Asmo handiko proiektua da, eta bere ekarpena egiten dio klima aldaketaren aurkako borrokari».
Proiektuak herritar oro «nolabait» inplikatzen dituela nabarmendu du Balaztak, baita definitutako erronkei erantzuna ematea ere, hamar urteko epean. Hala, diagnostikatutako gabeziei zenbait irtenbide proposatzen zaizkio: «Hainbat etapa ezarri dira, epe ertain eta luzera, horiek ezartzeko, eta fase horietako bakoitzaren aurrekontua egin da».
Kontent azaldu dira Balaztako kideak planarekin, eta txirrindulari kopurua bost aldiz biderkatu nahi duela proiektuak nabarmendu du. Hartara, hirigintzarekin lotutako egokitzapenak eta hobekuntzak aurreikusten ditu planak, tartean, azpiegitura nagusiak «auzoekin modu seguru, zuzen eta erosoan lotuko dituen bizikleta sarea sortzea».
Egitura bera ere goratu du Balazta taldeak: «HMJPk ezinbesteko tresna batzuk ematen dizkie herritarrei hura garatzeko». Izan ere, eskumen guztiak sail berean bilduko dira hemendik aurrera eta Mugikortasun Mahaia izango da horren arduraduna, non herritarren, eragileen eta hautetsien parte hartzea emango den. Areago, planaren jarraipena eta kontrola ere egingo du mahaiak, eta espazio publikoaren erabilera arautzeko ordenantzan ere zeresana izango du.
Balaztak honetan guztian parte hartzen jarraituko duela berretsi du eta mugikortasun proiektua garatzen ikusteko itxaropena agertu du.