LAB sindikatua urtarrilaren 30eko greba prestatzen hasi da
Mintegia egin du gaur Oarso Bidasoko LABek Errenteria-Oreretan, urtarrilaren 30ean pentsio eta bizitza duinen alde antolatutako greba prestatzen hasteko.
Oarso Bidasoko LAB sindikatuak mintegia egin du gaur goizean Errenteria-Oreretan, 2020ko urtarrilaren 30ean (U30) pentsio eta bizitza duinen alde antolatutako greba prestatzen hasteko. Greba deialdiarekin bat egin dute pentsiodun eta erretiratuen elkarteek, mugimendu feministak gazte mugimenduak, ikasleek, eta sindikatuek.
LAB sindikatuak azaldu duenez, U30eko greba orokorra, azken hamarkadetan ezarritako lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesua geldiarazi eta euskal herritarren eskubideen aldeko bideari ekiteko mugarria izango da, “patronalaren aurrean langileon agenda indartzea, instituzioak egiten ari diren politika publikoak aldatzea eta geure bizitzen gainean erabakitzeko eskubidea geureganatzea da bide horren helburua”.
1.200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio eta soldata arrakalarik ez, 35 orduko lan astea eta Euskal Herrian erabakitzea eskatuko dute, besteak beste, U30eko greba orokorrean.