Jokoaren amildegian behera
Jokoaren sarean harrapatuta daudenei laguntza eskaintzen die Ekintza Bizi Berriak. Jokoaren desoreka duten pertsonak gero eta gazteagoak dira, eta prebentzioari arreta berezia jarri diote.
Eta saria hemen egokitzen bada? Zenbatetan entzuten da hori, eta zenbatetan sentitu jokatzeko tentazioa. Horrela hasten omen da jokoarekin harremana; tradizioak mantentzeko aitzakiarekin, jokoaren bidez sariak lortuko direla pentsatuta. Gero eta gazteagoak dira ludopatia edo jokoaren desoreka duten pertsonak, eta gero eta agresiboagoa omen da jokatzeko modua. Hala diote Ekintza Bizi Berria ludopatiari aurre egiteko elkarteko boluntarioa den Aurelia Mateosek eta Beatriz Alonso Castro psikologoak.
Alaberga auzoko 59. zenbakian duten egoitzara 104 lagun berrik jo dute aurten gaitz horrek harrapatuta. Horiei, aurretik terapia jasotzen ari direnak gehitu behar zaizkie. 25 urte daramatza lanean elkarteak ludopatiari aurre egiten, jokoaren amildegian erortzen direnei handik irteteko baliabideak ematen, eta une honetan hemezortzi boluntario, bi psikologo eta pedagogoa ari dira lanean. 2015etik 2019ra, 400 gaixo pasa dira bertatik, eta haiekin batera bere senideak, beste 600 lagun; izan ere, ludopatei norbanako arreta psikologikoa ematen diete, baita talde terapia gaixoei zein haien senideei ere, eta iaztik, DBHko ikastetxeetara jotzen ari dira hitzaldiak eman eta prebentzioa lantzeko.
Kezkatuta daudela diote. Jokoan gero eta gazteago hasten direlako, eta argi dute, adin txikikoek jokatzen dutela, «erretzen dutela eta edaten dutela dakigun bezala, badakigu jokatzen dutela. Interneten kontrolatuagoa dago gaia, nortasun agiriarekin erregistratu behar duzulako, eta gurasoena erabili dezakezu; baina kontu korronte zenbaki bat edo txartela bat ere behar dituzu, eta azkenean hor azaltzen dira mugimenduak. Apustu etxeetan, bizitza osoko joko areto edota tabernetako makina txanponjaleetan ez diete nortasun agiririk eskatzen». Datuak ere eman ditu Alonsok, «iaz etorri ziren pertsonen artetik %50a, 36 urtetik beherakoa zen; %18a, 26 urtetik beherakoa».
Heziketa, ezinbestekoa
Arazoari irtenbidea ematea erraza litzatekeela dio Alonsok, «billeteen zirrikitua dagoen bezala, nortasun agiriarentzat beste bat jartzea, eta hark detektatzea 18 urtetik beherakoa den edo ez jokatzera doana; dena asmatuta dago, baina ez da interesatzen halako kontrolik egitea».
Horren aurrean, balantzaren bestaldean kontrapisua egiten ezinbestekoa den heziketa, etxean zein ikastetxean jaso beharrekoa; pentsamendu kritikoa garatzen laguntzea, gakoa da: «Kirolari edota telebista aurkezle famatuak ikusten dituzte jokoaren gaineko iragarkietan, eta gazteentzat eredu dira». Eredu horiek okerrak direla erakutsi behar zaiela gazteei dio adituak, gero eta agresiboagoa den publizitate horren aurrean.
Bi jokalari mota bereizi ditu Alonsok: soziala eta patologikoa.«Sozialak aisi ekintza bat egiteko erabiltzen du jokoa, eta bere ekonomia kaltetzen ez duen diru zati bat eskainiko dio horri; lagun artean egiten du, galdu edo irabazi jokoa utzi egiten du, eta ez du jokora jotzen bere egoera animikoa aldatzeko». Oso bestelakoa da patologikoaren jarrera: «Dirua lortzeko bide gisa erabiltzen du jokoa, dituen arazoez ihes egiteko, bakarka egiten du, eta galtzen duenean diru gehiago lortzen saiatzen da galdutako hura berreskuratzeko; helburua ez da ondo pasatzea, jokoan ari ez direnean abstinentzia sindromea izaten dute, sistema neurologikoa kaltetuta dutelako».
Denborarekin ikerketek erakutsi dute antzekotasun handia dutela jokoaren desorekek eta menpekotasun fisikoek, «ez da toxikorik hartzen, baina dopamina eta neuro-transmisoreen arteko trukeak drogek eragiten dioten garunaren zati berari eragiten diote, errekonpentsaren sistema aldatuta utzi arte». Batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari zergatik jarraitzen ote duten jokatzen, eta horri ere erantzun dio Alonsok, «saria ez delako helburua engantxatuta zaudenean; tolerantzia eta menpekotasuna sortzen dira, eta gero eta dosi handiagoa behar dute jokalari soziala izanik sentitzen zuten asebetetzea sentitzeko».
Jokoak ez du mugarik, «droga fisikoan beti dago muga fisiko bat, ezin dituzu taberna bateko botila guztiak edan; menpekotasun psikologikoan jokoan ari zaren taberna hori noiz itxiko duten da muga, online bada ez duzu arazorik 24 orduz dagoelako zabalik; zenbat diru duzun jokatzeko, kreditu edo zordunketa txartela duzun, edo unean uneko kredituak eskatzeko aukera duzun». Horiek emateko erraztasunari erreparatu dio psikologoak, «berehala ematen dizute 24 orduan itzultzeko».
Jokoaren desoreka dutenen %90 gizonak dira, eta %10, berriz, emakumeak
Makina txanponjaleak dira erabilienak; %70a horretan jokatzen da
Lau urtean, 400 gaixo pasa dira Ekintza Bizi Berria elkartetik, eta horien 600 senide
Emakume jokalari gutxiago
Jokalari patologikoaren perfila aldatzen joan da, baina oinarrizko ezaugarri batzuk mantentzen direla diote: «Laguntza eskatzera datozenen artetik %90 gizonak dira, eta %10 emakumeak». Egun Mateosek gidatzen duen taldean hamalau lagunetik bi baino ez dira 50 urtetik gorakoak.
Jokatzeko moduan aldaketak izan dira. Online jokoa dago, presentziala, makina txanponjaleak eta kirol apustuak. Bingoa ia desagertu dela diote. Txanponjaleak dira erabilienak, %100etik %70era jaitsi bada ere haien erabilera jokoarekin menpekotasuna dutenen artean. 2008an jarri zituzten martxan kirol apustuak, eta horiek etengabe gorantz doazela diote.
Ez dute zalantzarik gaixotasuna kokatzeko garaian: «Osasun publiko arazo bat da ludopatia, arazo soziala; eragiten die menpekotasuna dutenei, baina baita haien ingurukoei ere, eta hortaz, gizarteari». Ludopatia 1980eko hamarkadan hasi ziren patologia gisa kontuan hartzen, «ordura arte bizioa zen, eta oraindik ere, bizio gisa ikusten dute askok eta askok, baina atzean gaixotasun bat dago, kontrola ezin den jokamolde desegokia». Gerta daitekeen okerrena saria eskuratzea dela dio Alonsok, «horrek engantxatzen ditu jokora, behin eta berriz errepikatu nahi dute apustua irabaziak lortzeko, eta horren arabera jokamoldeak eta ohiturak ezartzen ditugu». Denek dituzte eskura, baina pertsona batzuk zaurgarriagoak izaten direla nabarmendu du.
Zorizko jokoekin eta apustuekin 40.000 milioi euro bildu ditu estatuak 2017an
Gero eta gazteago hasten dira jokoan; artatutako %50a, 36 urtetik beherakoa da
Prebentzioa lantzeko hitzaldiak ematen dituzte DBHko ikastetxeetan
Gaixotasunaren beste aldean, negozioa; ez nolanahikoa. Milioika euro mugitzen ditu urtero, gupidagabe, txanpon bakoitza nondik heltzen zaion eta atzean duen istorioari erreparatzen ez dion negozio ankerrak. Duela urte pare bat emandako datuen arabera, zori eta apustu jokoekin Espainiako Estatuak bildu zuenak Barne Produktu Gordinaren %2a suposatu zuen, 40.000 miloi euro: «Krisian gaude, baina zori eta apustu jokoetan aritzen diren jokalari sozial zein patologikoek krisi horretatik salbatu dute estatua, beraietako batzuk hondoa jo badute ere».
Jokoa mundua bera bezain zaharra da. Erromatar garaira jo du Ekintza Bizi Berria elkarteko psikologoak, «kristo aurreko 812. urtetik dago jokoa, dadoetan egiten zuten erromatarrek». Jokoak bazituen orduan ere ondorioak, zorrak baldin bazituzten eta ezin bazituzten ordaindu, ondorio legala askatasuna galtzea zen, esklabo bihurtzea.
Ia mundua bezain zaharra izanik, eta zer edo zer arautu badute ere, «berde samar» dagoela jokoaren kontua erantsi du, «orain badakigu desoreka mental bat dagoela, depresioa eta antsietatea sortzen duela. Bere buruaz beste egitera ere hel daiteke pertsona bat egoera horretan, hori da menpekotasun honen ondorio larriena. Estatistikek diote suizidioen atzean dagoen hirugarren arrazoia jokoa dela; atentziorik ez zaio ematen, baina, arazo horri». Izebergaren muturra da suizidioa, eta horren atzean zor ekonomikoa egoten da, «jendea laguntza bila datorrenean horregatik dator, eta desesperatuta heltzen dira guregana».
Errudun sentitu
Izan ere, orduan pizten da argi gorria; zor ekonomikoa hazi denean, eramanezina bihurtu eta ezkutatzea ezinezkoa denean. Ingurukoak errudun sentitzen dira ez direlako arazoarekin ohartu, baina Alonsok askotan ohartzea ezinezkoa izaten dela nabarmendu du, « menpekotasun psikologikoak ezkutukoak dira, ez dituzu pupilak dilatatuta, ez du usaintzen, ez da ikusten… kontu korrontea edota hartzekodunen deiak ikusi arte ez da konturatzen ingurua».
Atentzioa zorrek ematen badute ere, osasun mailan egin beharreko lanean jarri du azentua psikologoak: «Pertsona hori depresiotik eta antsietatetik ateratzen laguntzeko, autoestimua eta konfiantza berreskuratzen laguntzeko, lan munduan txertatzeko orokorrean egin behar da lanketa, ez delako soilik ez jokatzea, familia, lana, lagunak… dena ordenatuta behar du aurrera egiteko». Zehaztapen bat egin du: larritzeko eta atzean arazo bat dagoela ohartzeko ez da beharrezkoa diru kopuru handiak xahutzea, «bost euro badituzu astea pasatzeko eta bost euro horiek jokoan gastatzen badituzu, zerbait gaizki doa».
Tunel ilunaren bestaldean, ordea, bada argi izpirik, eta bertara heltzeko ezinbestekoa da Ekintza Bizi Berri elkartearen lana. Telefono bidez egiten dute hitzordua, ondoren elkarrizketa egiten dute, eta pauta batzuk ematen dituzte, «urgentziazkoak», lanean hasteko: «Ez sartu tabernara bakarrik, ez izan dirua eskura, justifikatu gastu guztiak, bajan eman online edo presentzialak diren jokoetan, zorrak itzultzeko plana egin…». Horrekin batera, autolaguntza taldea eta norbanako terapia psikologikoa ematen die elkarteak, baita senideei ere: «Atera daiteke, eta asko dira atera direnak; arazoa detektatuta, laguntza eskatzea da gakoa».
Ekintza Bizi Berri elkartearen telefono zenbakiak, honakoak: 943 34 02 02 eta 682 51 62 98.