Beheraldia eteteko beharrezko bulkada
Oarso Bidasoko udalerrietan euskararen egoera ez dela oso osasuntsua argi uzten dute erabilera datuek; Oiartzunek du kale erabilera markarik handiena %58,8arekin, eta Irunek apalena, %7,9arekin. Neurriak hartzea ezinbestekoa da.
Urtero bezala, Euskararen aldeko aldarrikapenak ozen entzungo dira han-hemenka abenduaren 3an, Euskararen Egunean. Hizkuntzaren osasuna neurtze aldera, erabilera eta beste hainbat adierazle neurtu ditu azken urteotan Soziolinguistika Klusterrak, eta emaitza kaskarrek ez dute inor asebete. Areago, Oarsoaldea eta Bidasoa osatzen duten udalerrien artean, soilik Oiartzunen neurtu dute euskararen presentzia handiagoa izatea beste hizkuntzetan baino, %58,8ko batez bestekoarekin.
Kale erabilerari erreparatuta, gainontzeko udalerrietan are baxuagoak izan dira neurketek utzitako emaitzak: %32,6 Lezon; %24,6 Hondarribian; %14,7 Errenteria-Oreretan; %12,9 Pasaian, eta %7,6 Irunen .
Datuak ikusita, hizkuntza gaitasunak eragiten du hutsunerik nabariena erabilerarekin alderatuta. Hau da, ezagutza eta erabileraren artean amildegi bat existitzen da herri guztietan, eta euskaraz aritzeko espazioak sortzea ezinbestekoa dela agerian gelditzen da. Hala, Oiartzunen neurtutako hizkuntza gaitasuna %73,9 da; Lezon %60,3; Hondarribian %60; Pasaian %43,2; Errenteria-Oreretan %37,7, eta Irunen %35,9.
Erabilera esparru berriak sortzeaz mintzatu da Jose Mari Iraola Lezoko Udaleko Euskara teknikaria, datuak aztertuta. Ikerketarik gaurkotuena argitara eman zuen Lezok orain gutxi, eta erabilerak lau puntu egin duela behera 2000. urtetik erakutsi zuen azterketak. Egoera ikusita, datuak ez direla baikorrak argi esan du Iraolak. Are gehiago kontuan hartzen bada iazko Euskaraldiaren ondorengo asteetan egin zutela neurketa: «Jendeak kanpainaren aldeko jarrera positiboa izan zuen, eta nahiz eta era artifizialean izan, erabilerak momentu horretan goian izan beharko luke».
Euskal Herri mailako zenbait aldagairen, eta ikerketa soziologikoek duten akats tartearen testuinguruan kokatu du neurketa teknikariak, baina dagoeneko egoera aztertzen ari den batzordea eratu dutela azaldu du. Udal gobernuak eta euskararen gaineko datuak eskuartean dituzten eragileek osatzen dute batzordea, eta egoera aztertzeaz gain, zein neurri edo behar dagoen identifikatzeko lanean ari dira.
Neurrien beharra
Hondarribian euskara sustatzearen aldeko lana egiten du Blagan Euskara Elkarteak, eta haiei galdetuta, «ukaezina» da euskararen erabilera «eskasa» herrian. Areago, etxean euskara erabiltzen duten familien kopuruak ere nabarmen behera egin duela adierazi du taldeak, baita euskararen hiztunen taldea zatikatu dela ere. Horren aurrean, hizkuntza politika plan bat diseinatzea ezinbesteko neurritzat jo du taldeak, eta udalaren eskumenetik, herritik, txikienetik, eragiten hastea. Izan ere, herriko euskalkien egoera bera arriskuan dagoela uste du adin tarte ezberdinetako datuei erreparatuta. Hau da, helduenek euskalkiei gehiago heltzen diote eta gazteenek, ordea, ez.
Jose Mari Iraolak, bere aldetik, irakurketa positiboa ere utzi nahi izan du, eta Lezoko Udalak berak egindako neurketen artean, adibidez, eskoletako kirol jardueretan euskararen erabilera maila «oso altua» dela azaldu du. Argi dago hori ez dela nahikoa, eta beheranzko joera eten behar dela. Hartara, gutxienez, atzerapauso gehiagorik ez ematea ezinbestekoa dela iritzi dio euskara teknikariak.