Euskarak merezi duen festa erraldoia
Euskararen Eguna ospatzeko festa antolatu dute biharko Korkoiburuek Trintxerpen, Blaganek Hondarribian, eta Euskaraldiak eta Abaraxkak Oiartzunen. Urte osorako indarrak hartzeko abiapuntu izango dira.
Datorren urteko Euskaraldia ortzimugan, egitarau oparoarekin dator aurtengo Euskararen Eguna. Inork ez du kale egin nahi, eta argi dago Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan mihia euskaraz dantzatzeko aukera paregabeak izango direla abenduaren 3an bertan, zein aurreko egunetan ere bai. Urteko 365 urteak dira euskararenak, horietan guztietan egin behar da, erruz, gogotik, barra-barra edo mara-mara, goxoan zein beroaldian, uneoro eta etengabe; bizitzaren esparru guztiak hartu behar ditu, finean.
Bide horretan, egun osoko egitarauak antolatu dituzte Trintxerpen eta Hondarribian. Horien atzean, Korkoiburuak eta Blagan Euskara Elkartea, hurrenez hurren. Lehenek 15 orduz euskaraz aritzeko aukera eskainiko dute bihar, musika, eskulanak, bertso bazkaria, zinema, erromeria… aitzakiarik ez da behintzat euskaraz gozatzeko. Bide beretik jo du Blaganek, eta Hondarribian haur, gazte eta ez hain gazte direnen neurrira antolatu dute ekintza sorta: eskulanak, bertso poteoa, herri bazkaria eta euskal kantu bingoa izango dira. Larunbatekoa izan dadila urte osoan euskararen aldeko lasterketarako abiada hartzeko baliogarri.
Oiartzunen, Euskaraldiak eta Abaraxkak antolatu dute Euskararen festa, eta herriko hemezortzi kultur eragilek egin dute bat.
Egitaruak Oarsoaldea eta Bidasoko herrietan
Hondarribia
- Gaur. Bakean dagoena bakean utzi umorezko bakarrizketa, Kultur Etxean, 19:30ean.
- Bihar. Haurrentzako eskulan tailerrak, Arrantzale auzoan, 11:30ean; bertsopoteoa, trikitilariek lagunduta, Maddalen Arzallus eta Alaia Martinekin, 12:30ean; Arma Plazan, herri bazkaria, eta bazkal ostean euskal kantu bingoa; 18:00etan, Andoni Ollokiegi, eta 20:30ean, Trikizio.
- Etzi. Grafitti tailerrak gazteentzat, Judas Arrietarekin Arrantzale auzoan, 11:30ean. Izena emateko www.blagan.eus-en.
Irun
- Bihar. Kantu jira Urdanibia plazan, 12:00etan; 20.000 legoa itsaspeko zaborretan antzezlana, familiei begira, 17:00etan, Amaian.
- Abenduak 1. Meakako adiskideen Muxikoak, 12:00etan, San Juan plazan; Gure abestiak emanaldia Luis Mariano elkarte lirikoarekin, Amaian, 19:00etan.
- Abenduak 3. Udalak eta Bitaminek Euskaraldiaren inguruan antolatutako ekintzak Urdanibia plazan, 10:00etatik 19:00etara; Sagartu ikuskizuna, 18:00etan Urdanibian (eguraldi txarrarekin Amaia KZn); Soinujolearen semea, Amaian, 19:00etan.
Errenteria-Orereta
- Etzi. Kantu jirak irteera berezia egingo du herriko txistularien bandak lagunduta, Herriko Plazatik, 12:00etan.
- Abenduak 3. Mintzodromoa Merkatuzarren, AEK eta udal euskaltegiko ikasleekin, 09:00etan; 18:00etan, Soziolinguistika Klusterreko Maialen Iñarraren hitzaldia, Merkatuzarren. 2018ko Euskaraldiak utzitako datuen gainean.
Lezo
- Abenduak 3. Musika Eskolako ikasgeletan euskal kantak abestuko dituzte ikasleek, 17:00etan.
Pasaia
- Gaur. – Donibanen: Oarsoarrak Sariak banatuko dituzte Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan.
- Bihar. – Trintxerpen (Gudarien plazan): kalejira trikitilariekin, 11:00etan; Euskaraldia saretzen, 11:30ean; muxikoak, 12:00etan; kantu jira, 12:30ean; haurrentzako esku lanak; bertso bazkaria, Gudarien plazako karpan, 14:30ean, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregirekin; zinema txikiarekin, Fredy Igeldegi, alkateordetzan, 17:00etan; Orots taldearekin erromeria, 18:00etan; DJ Korkoiburu, 22:00etatik 02:00etara. – Donibanen: kantu jira, lekukotasunak, mezuak sarean eta agiri deiadarra, 13:00etan, plazan; 6.000 metroan ere, Felipe Uriartek aurkeztuta, Bixi Bixi elkartearen eskutik, Juanba Berasategi auditorioan 18:00etan. – San Pedron: Euskaraldia saretzen, frontoian, 12:30ean. – Antxon: Euskaraldia saretzen, Zumardian, 18:00etan.
- Etzi. – Donibanen: buruarin tailerrak eta ondoren kalejira.
- Abenduak 3. – Trintxerpen: haurrentzako jolasak Gudarien plazan, 18:00etan.
Oiartzun
- Bihar. Euskararen Festa: Abaraxkak eta Euskaraldiak antolatutako festa 16:00etan hasiko da. Done Eztebe plazan dira ekitaldiak. Denetik egongo da arratsaldeaz gozatzeko.