«EAJ ez da Abotsanitzekin eseri aurrekontua negoziatzeko»
Herri batzarrak aurkeztutako 42 emendakinetatik soilik lau onartu dituztela dio Abotsanitzek, eta «negoziatu nahi ez izana» egotzi dio EAJren gobernu taldeari.
2020. urteko aurrekontuen gaineko balorazioa eman du Abotsanitz Herri Batzarrak gaurkoan. Taldearen arabera, «EAJ ez da Abotsanitzekin eseri aurrekontua negoziatzeko». Ogasun batzordera eramandako 42 emendakinetatik soilik lau onartu izana salatu du, udal gobernua ez baita haiekin eseri «ez aurrekontua azaltzeko, ezta negoziatzeko ere». Gainontzeko udal alderdiekin jarrera ezberdina eduki izana kritikatu du Abotsanitzek.
Taldearen aburuz gainera, «aurrekontua ez da errealitatean oinarritzen». Eta harago doa alderdia bere kritiketan: «Aurrekontuak ez ditu diru-sarrera guztiak aintzat hartzen, eta gastuak puztuta daude. Jasotzen dituen partidetako asko ez dute edukirik, eta horregatik, urtero gertatzen den bezala, aurrekontuaren zati handi bat erabili gabe geratuko da».
Udal langileen arazoaren aurrean ez dela ezer berririk proposatzen sinetsita dago Abotsanitz, eta pertsonal falta horrek eragiten du, haien ustez, proiektuak burutzeko ezintasuna. Hala, soberakina handituz doa, eta zehaztutakoaren arabera, «2020 urte bukaeran Hondarribiko Udalak 3.500 euro inguruko zorra izango du hondarribiar bakoitzarekiko» .