Aurten ez dela Olentzero lehiaketarik egingo oroitarazi du udalak
Olentzero jaialdia izango dela nabarmendu du Hezkuntza departamentuak eta horretan parte hartzeko xehetasunak gogora ekarri ditu.
Hondarribiko Udaleko Hezkuntza departamentuak gogorarazi duenez, aurten ez da Olentzero lehiaketarik egingo, jaialdia baizik. Bertan parte hartu nahi dutenek, hamar eta hamabost arteko lagun taldeak osatu beharko dituzte, eta denek 16 urte azpikoak izan beharko dute. Era berean, bakoitzak bere taldearen izena agerian eraman beharko du.
Jaialdian parte hartzeko Jabier Ugarte kalean kokatutako Gazte Zerbitzuan izena eman beharko dute abenduaren 14a baino lehen. Ondoren, hilaren 24an, Olentzeroak aurkezteaz gain, Olentzero abestu beharko dute. Madalen karrikan finkatu dute hitzordua, 11:30ean.