EAJ: "Irunek hiria sustatzeko Txoke Plana behar du"
Tokiko merkataritza eta ostalaritzari bultzada emateko, "hiri altzariak, kaleak eta plazak irizpide berdin baten bitartez egokitzeko" proposamena egin dute jeltzaleek.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile Xabier Iridoy eta zinegotzi Iosu Iguiñizek agerraldia egin dute gaur. Bertan, tokiko merkataritza bultzatzeko plan baten beharra nabarmendu du bikoteak. Merkataritzaren egoera zaila dela diote, eta egoera horren aurrean, jeltzaleek galdera bat planteatu nahi izan dute: “nola erantzun beharko genioke, desagertzeko zantzurik ez duen egoera horri?”.
Erantzun egoki bat emateko, lehenik, “nondik gatozen, nora joan nahi dugun eta zer egin nahi dugun” aztertzea ezinbestekotzat jo dute. Besteak beste, udala egoerari ondorengo erabakiekin aurre egiteko gai izan beharko lukeela azaldu dute: saltokiak online salmenta modu berrietara egokitzeko laguntza eskaintzea edo lokal hutsei ordainsari zergak areagotzen. Halere, erabaki horiek nahikoak ez direla diote, eta autokritika egitea eskatu diote udal gobernuari: “Irun ez da hiri erakargarria, eta udalak asko du egiteko”, adierazi du zinegotziak.
Azken urteotan Irun “irizpiderik gabe eraiki” dutela salatu dute, “hiriak duen identitatea indartzeko planik eta metodorik gabe”. Beste behin, gobernu sozialistari konponbiderik eman ez izana leporatu diote. “Besteak beste, porcelanas, San Juan plaza, Urdanibia plaza eta Azken Portu Kiroldegia begiratu besterik ez dago”. Iridoyk salatu bezala, merkataritzan eta ostalaritzak duen garrantzia kontuan hartu gabe ekin diote hiriaren diseinuari.
Guzti horregatik, merkataritza eta ostalaritzari irtenbide bat eskaini ahal izateko, “Txoke Plan bat gauzatzeko” proposamena egin du taldeak. “Epe laburrera begira, gaur egun, kohesiorik edo logikarik ez duten hiri altzariak, kaleak eta plazak, irizpide berdin baten bitartez egokitu beharko lirateke”. Era berean, ibai eremuak berreskuratzeko beharra nabarmendu dute, baita ere trenbide eremua birsortu, alegia, “hiri bat egin”.