Irabazitako banderak bedeinkatuko ditu arraun elkarteak etzi
Hamar bandera eskuratu ditu denera azken denboraldian klubak; horrez gain, Mari Asun Quiñones eta Manex Aldai omenduko ditu kirol elkarteak.
Hondarribia Arraun Elkarteak hitzordu berezia antolatu du etzi, larunbatarekin: banderen bedeinkapen ekitaldia. Hamar izan dira denera aurten irabazitako banderak, eta horiek guztiak Kale Nagusiko parrokiara eraman ondoren, Hermandadean gordeko dituzte etorkizunean bertan egon daitezen. Klubeko zuzendari tza eta kirolariez gain, Arrantzale Kofradiako ordezkariak, eta udal hautetsiak elkartuko dira bidean, Abiyuan Fanfarreak girotutako ekitaldian.
Hori horrela, arraun elkartearen instalazioetatik abiatuko dira eguerdiko 12:15ean, eta ordu laurden beranduago Jasokundearen eta Sagarrondoko Ama Birjinaren parrokian aurreikusitako mezan parte hartuko dute. Handik, aipatu bezala, Hermandadera joango dira, eta ondoren, senidetasun bazkaria egingo dute Alameda jatetxean.
Aipatutako guztiaz gain, arraun elkarteak jakinarazi du Mari Asun Quiñones Realeko atezaina amabitxi izendatu dutela aurtengo ekitalditako. Manex Aldaik bestalde, Hondarribia Arraun Elkartearen Urrezko intsignia jasoko du bazkalondoan haren kirol ibilaldia omentzeko asmoz. Hemezortzi urte luze eman ditu arraunlariak kategoria ezberdinetan kamiseta berdea janzten, eta dagoeneko, hamar urte daramatza lehen traineruan lehiatzen.