Soilik EAJk bozkatu du 2020. urteko aurrekontuen alde
Proposamenak jeltzaleen udal taldea beste inor ez du asebete: Abotsanitz aurka agertu da, eta EH Bildu zein PSE-EE abstenitu dira.
2020. urteko aurrekontua ez ohiko osoko bilkuran onartu du gaur goizean Hondarribiko Udalbatzak, EAJren aldeko botoekin. Gehiengo osoa baliatuta aurrera atera dute jeltzaleek 22 milioi eurotik gorako proposamena. Abotsanitzek aurrekontuen osotasunaren kontrako botoa eman dute, eta EH Bilduk nahiz PSE-EEk abstentziora jotzea erabaki dute.
Guztira, 22.782.334 euroko aurrekontua da gaur onartutakoa. Gainontzeko udal taldeek azken ogasun batzordean egindako ekarpenekin «aberastutako» proposamena dela adierazi du Txomin Sagarzazu alkateak. Izan ere, batzordean egindako zuzenketak soilik onartu ditu EAJk, hala nola: PSE-EEk aurkeztutako bederatzi; Abotsanitzek proposatutako lau; eta EH Bilduk egindako sei. Denera, 224.500 euroko balioa duten 19 zuzenketa. Horiek besterik ez ditu onartu EAJren gobernu taldeak, gaurko osoko bilkuran aurkeztutako guztien aurka egin baitu.
Fruiturik gabeko eztabaida
Hiru ordu pasatxo eman dituzte iritziak elkartrukatzen oposizioko taldeek gaurko udalbatzarrean. Abotsanitzek bere aldetik, prozedura abendutik azarora aurreratu izana kritikatu du: «Ez dugu eragileekin biltzeko denborarik izan». Areago, «hiri honek dituen arazoei aurre egiten ez dieten aurrekontuak» direla iritzi dio Igor Enparan bozeramaileak, eta hainbat kezka helarazi dizkio udalbatzari, besteak beste: blues jaialdirako diru saila beste partida orokor batera bideratu izana; babes ofizialerako etxeen sustapenerako partidarik ez egotea, edota GKEei emandako diru laguntza eskasa.
Talde sozialistak eta koalizio abertzaleak bat egin dute aurrekontua «kontinuistatzat» jotzerakoan. Xabier Isasi EH Bilduren bozeramaileak «ausarta ez den» proposamena aurkeztu izana leporatu dio EAJri. Eta ez hori bakarrik: «Zaldunbordari begirako aurrekontua da, turismoari begirakoa, mugikortasuna, ingurumena eta lurra zaintzen ez dituena». Euskarak udalaren dokumentu idatzietan duen presentzia eskasa dela-eta ere kezka agertu du Isasik.
Iosu Alvarezek sozialisten bozeramaileak, «kontinuistaz» gain, «udal arimarik gabeko» aurrekontutzat ditu 2020koak. Herritarren beharren argazkia argi edukitzea ezinbestekotzat du, hortik abiatuta «politika egiten hasteko». Etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko plan «ausarta» diseinatzeko ere eskatu dio udal gobernu taldeari.
Hori horrela, sozialistek hamar proposamen aurkeztu ditu gaurko osoko bilkuran, Abotsanitzek 39, eta EH Bilduk bakarra. Denak atzera bota dute jeltzaleek, tartean, beste behin, berdintasun teknikaria kontratatzearena.