Sorospen ikastaroa antolatu du DYAk lehen aldiz Hondarribian
Egunerokoan izan daitezkeen arriskuei aurre egiten ikastea da DYAk antolatutako ikastaroaren helburua; abenduaren 9tik 13ra bitartean garatuko da.
Datorren abenduaren 9tik 13ra bitartean oinarrizko sorospen ikastaroa emango du DYAk lehen aldiz Hondarribian. Egunerokoan izan daitezkeen arriskuei aurre egin ahal izateko baliabideak landuko dituzte bertan, hala nola: Bihotz Birika Susperketa, zauriak, haustura, erredurak…
Herritar orori zabalik dago ikastaroa eta hamar orduko iraupena izango du denera. Parte hartzeko interesa duten lagunek aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da ikasle kopurua mugatua baita. Horretarako 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu edo DYA Gipuzkoaren webgunera jo beharko dute. 40 euroko kostua du ikastaroak. Kurtsoaren ordutegia 19:00etatik 21:00etara bitartekoa da eta Hondarribiko DYAren egoitzan aurrera eramango da, Soroetagain 6-7 behea.