Alarde Fundazioaren egoitzan egindako pintaketek erreakzio sorta eragin dute
Gure Alardea izenpeko gazte taldeak egindako adierazpenaren ondoren, Guztion Alardeak, EAJk, PSEk eta Abotsanitzek iritzia eman dute.
Azaroaren 25aren Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean pintaketak agertu ziren Alarde Fundazioak (AF) Arma plazan duen egoitzaren atarian. Zenbait adierazpen argitara eman dituzte horren ondorioz udal alderdiek eta alardearen inguruko hainbat eragilek, eta horien artean lehena, Gure Alardea izenpeko taldearena izan zen, atzo. «Betiko alardearen aldeko gazte talde» gisa definitu dute haien burua partaideek, eta «ekintza bandalikotzat» ikusi dute pintaketa. «Tentsioa piztu» eta «polemika sortzen» duten gertakariak direla iritzi diote, eta «bizikidetasun on bat lortzeko» desegokiak direla gaineratu.
EAJren gobernu taldeak eta PSE-EEren udal alderdiak adostutako testuaren txanda iritsi zen ondoren. «Elkartasuna» adierazi diote AFri, eta «bizikidetzaren eta tolerantziaren alde lan egiten» jarraituko dutela esan dute.
Guztion Alardea mugimenduak, berriz, «eraso oro gaitzesten» duela adierazi du, eta beste behin, «gatazkari konponbidea emateko bide bakarra Hondarribiko herritarren arteko elkarrizketa» dela berretsi du. Hori dela eta, biltzera eta hitz egitera deitu ditu eragileak: «Alardearen inguruko eragile guztiok, konponbide baten bila, lehenbailehen elkartu beharko ginatekeela uste dugu».
Abotsanitzek, jakinarazi duenez, «elkartasuna» adierazi zion AFri mezu pribatu bidez atzo goizean bertan, «ez dugulako uste gatazkaren konponbidean horrelako ekintzek lagundu dezaketenik». Ondoren jaso zutela gobernu taldearen testu proposamena azaldu du, baina denbora arazoak medio, hori adosteko aukerarik ez zutela izan azaldu dute. Hala, adostasuna bilatzeko «esfortzurik egin ez izana» deitoratu du plataformak, eta «elkarrizketa sustatzearen» zein «elkarguneak bilatzearen» aldeko jarrera berretsi du.