Gipuzkoako ospitaleetako lehen heliportua Bidasoan ezartzeko asmoa du Osakidetzak
Mugaz gaindiko lankidetza sarea osatzea, eta larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeren aurrean koordinazioa bultzatzea dira helburu nagusiak.
Gipuzkoako ospitaleetako lehen aireportua Bidasoa Ospitalean eraikitzeko asmoa agertu zuen atzo Manu Arteaga Gipuzkoako Osakidetzako arduradunak. Helinet mugaz gaindiko larrialdi kooperaziorako sarearen baitan kokatuta egongo litzateke proiektua, eta administrazio ezberdinen eraginpean dauden lurraldeen arteko lankidetza sarea sortzea du helburu. Era berean, larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeren arriskuen aurrean elkarri laguntzea eta misioak kudeatzea da proiektuaren xedea.
Hori horrela, Arteagak adierazi zuen atzo lehen asmoa heliportua Donostian zabaltzea zela, «baina ziur aski azkenean proiektuaren dirua Bidasoan» inbertitzea erabakiko dutela. Azaldutakoaren arabera, Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia) dago Osakidetzako heliportu bakarra Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Galdakaoko (Bizkaia) eta Mendaroko (Gipuzkoa) ospitaleetan bestalde, helikopteroak lurreratzeko azalera besterik ez dagoela gaineratu zuen.