Martxan da bosgarren Asun Casasola ipuin lehiaketa, 'Ez zaude bakarrik' lelopean
Aurtengoan "ahizpatasunean eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeenganako babesa eta elkartasuna jorratzen dituzten ipuinak" sustatu nahi dituzte. Otsailaren 9ra bitarte lanak bidali daitezke.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean aurkeztu dute beste behin Asun Casasola Ipuin Lehiaketa, bosgarren edizioa zehazki. Ez zaude bakarrik lelopean hasi dute aurtengoa, beste urte batez, “indarkeria matxistarik gabeko jendarte bat irudikatzeko” asmoz. Gaur aurkeztu dute antolatzaileek, Bronte Liburudendan egindako agerraldian.
Jada sei urteko bidea egin dutela gogoratu dute lan taldea osatzen duten emakumeek. “Sei urteko bide honetan 1.000 ipuin baino gehiago batu ditugu. Beste urte batez, indarkeria matxistaren aurkako hausnarketa ipuinetan islatzea eskatzen diegu partaideei”, adierazi dute antolatzaileek.
Aurtengo lanen abiapuntu edo gaia Ez zaude bakarrik esaldia izango da. “Goiburu honekin ahizpatasunean eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeenganako babesa eta elkartasuna jorratzen dituzten ipuinak sustatu nahi ditugu. Gure helburua berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta genero indarkeria baztertzea izan da hasieratik. Horregatik, edizio honetan ere, ikuspuntu positibo bat bilatuko dugu”, gehitu dute gaurko aurkezpenean.
Partaide bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu ahal izango du, orrialde batekoa. Ipuinak originala beharko du izan, argitaratu gabekoa eta aurkezten den hizkuntzan idatzitakoa (ez da itzulpenik onartuko). Sarien atalean aldiz, aurten zenbait berrikuntza izango direla zehaztu dute antolatzaileek. Hala, helduen kategoriako irabazleek (euskara zein gaztelanian) 300 euroko sariaz gain, 50 euroko balioa duen liburu pakete bat jasoko dute, Bronten xahutzeko. Gazteen kategoriako irabazleek (bi hizkuntzetan ere) 100 euroko saria jasoko dute, eta 50 euroko liburu pakete berbera.
Epaimahaia, berriz ere emakumezkoa
Aurten ere, jasotako lanak baloratuko dituzten epaileak emakumeak izango dira, ondorengoak zehazki: helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugarte, Ana Iruretagoiena eta Idurre Eskisabel; gaztelaniaz Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez. Gazteen kategorian aldiz, euskaraz, Itziar Gomez, Ainara Maia eta Ane Perez; gaztelaniaz, Noelia Lorenzo, Maite Vergara eta Naroa Gonzalez.
Gaurtik aurrera jada bidali daitezke lanak. 2020ko otsailaren 9era bitarte izango da ipuinak bidaltzeko aukera, orduan hasiko da epaimahaiaren lana. Martxoaren 5ean aldiz, lehiaketaren sari banaketa egingo dute, Bronte liburudendan.