Indarkeria matxista gaitzetsi dute dozenaka herritarrek
Azaroaren 25aren mobilizazioekin bat eginez, elkarretaratzera deitu dituzte hondarribiarrak. Herritarrek ez dute huts egin, eta biolentzia matxistaren aurkako jarrera agerian utzi dute.
Arratsaldeko 18:00etarako egindako deialdi anonimoarekin bat egin dute hamarnaka herritarrek San Pedro kalean, beste behin ere, indarkeria matxistaren aurkako jarrera agerian uzteko xedearekin. Emakumeen eskubideen aldeko pankarta eta kartelak irakur zitezkeen han-hemenka, denak helburu bakar bat betez: Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunarekin bat egin, egoera salatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatu.
Izan ere, azaroaren 25 da gaur, martxoaren 8arekin batera egutegian morez (edo laranjaz zenbait herrialdetan) nabarmendutako eguna. Alegia, emakumeek indarkeriarik ez pairatzeko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatzen duen data esanguratsua.
HITZAk ostiralean argitaratutako Ahalduntzen, iluna eraldatzeko erreportajean bildutako datuek erakusten dutenez, aurten, urtarriletik urrira bitartean 1,27 eraso izan direla egunero Oarso Bidasoan. Hondarribian zehazki, 33 dira emakumeek salatutako erasoak; zenbaezinak dira, ordea, egondako indarkeria kasu guztiak, salaketarik gabe ez baitira inon islatzen. Hala ere hausnarketarako tartea ezinbestekoa dela agerian uzten dute zenbakiek: hamar hilabetean iazko epe berdinean baino zortzi salaketa gehiago aurkeztu dituzte urrira arte Hondarribian.
Hortxe indarkeria matxista salatzeko mobilizazioak utzitako irudi sorta gaur arratsaldean, Arrantzale auzoan.