Euskararen eguna asteburu bihurtu du Blagan elkarteak
Hilaren 29tik abenduaren 1era bitartean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute Blaganek eta udalak elkarlanean.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute abenduaren 3an Euskal Herrian eta munduko hainbat txokotan zehar. Eta horren harira, hilaren 29tik abenduaren 1era bitartean Euskararen Asteburua antolatu dute Blagan Euskara Elkarteak eta Hondarribiko Udalak. Ez da, gainera, nolanahiko egitaraua, adin eta gustu guztiei zuzendutako proposamena da, hori bai, izendatzaile komun batekin: Euskara.
Hilaren 29an, ostiralarekin, ekingo diote euskararen aldeko jaialdiari Hondarribian. Bakean dagoena bakean utzi izenburupean umorezko bakarrizketak antolatu dituzte 19:30etik aurrera, Kultur Etxean. Sartzea debalde izango da.
Larunbatean bestalde, ekitaldi sorta izango da egun osoan zehar. 11:30ean haurrentzako eskulan tailerrak egingo dituzte Arrantzale auzoan, eta 12:30ean bertsopoteoa gidatuko dute Alaia Martinek eta Maddalen Arzallusek. Ondoren, herri bazkaria antolatu dute Arma plazan kokatutako karpan, eta euskal kantu bingoa kafea eta kopa hartu bitartean, bazkalondoan. Egunari amaiera emateko, kontzertu bikoitza aurreikusi dute Blaganekoek: lehena, Andoni Ollokiegiren eskutik 18:00etan, eta bigarrena, Trikiziok emana, 20:00etan.
Asteburua ixteko, igandean, Judas Arrietak gidatutako grafiti tailerra izango da. Gazteei zuzenduta egongo da, Arrantzale auzoan, 11:30ean hasita. Izena eman beharko dute interesdunek tailerrean Blagan elkartearen bitartez edo kartelean agertzen den QR kodea erabilita.
Elkartetik gogorarazi dutenez jarduera guztiak debalde izango dira herri bazkaria izan ezik. Txartelak hamar euroan daude salgai, Itxolan eta Ttoparan.