Etxebizitza politika "ausarta eta berritzailea" eskatu du Irungo EH Bilduk
Azken urteotan koalizio subiranistak egindako lanketaren ondorioz, aurrekontuetan txertatu daitezken "neurri zehatz eta egingarriak" aurkeztu dituzte.
Irungo EH Bilduk agerraldia egin du gaur udaletxean. Bertan, zinegotzi Oihana Briones eta zinegotzi ohi eta taldeko kide Dani Berasategik etxebizitzaren gainean egin duen “lanketa serio eta sakona” aurkeztu dute.
Etxebizitza duina lortzeko irundarrek gero eta zailtasun gehiago dituztela nabarmendu du lehenik bikoteak. “Etxebizitza gizarte bazterketaren motoretako bat da eta horrek zailtasun handiak sortzen ditu gizartean”, adierazi dute. Arazo horri aurre egiteko, politika publikoak beharrezkoak direla nabarmendu dute, eta horretarako “neurri ausart eta berritzaileak” eskatu dituzte. Hala, azken urteotan koalizio subiranistak egindako lanketaren ondorioz, aurrekontuetan txertatu daitezken “neurri zehatz eta egingarriak” luzatu dituzte.
Neurrien artean, besteak beste, alokairuko etxebizitzen sare publikoa sortzea proposatu dute, hutsik dauden etxebizitzen errolda egitearen garrantzia nabarmenduz. Berasategik gogoratu duenez, gazteak dira alokairua ordaintzeko zailtasun gehien dituztenak, eta horrek emantzipazioa zailtzen eta atzeratzen duela dio. Horri aurre egiteko gazteei zuzendutako zuzkidura etxebizitzak (denbora mugatu baterako esleitzen direnak) egitea proposatu dute.
Amaitzeko, udal gobernuari “etxebizitza eskubide bihurtuko dituen politika berritzaileak” martxan jartzea eskatu diote. “Ildo honetan lan egiteko bidelagun izango gaitu”, gehitu du Brionesek.