Ahalduntzen, iluna eraldatzeko
387 eraso matxista izan dira Oarso Bidasoan aurten. Mugimendu feminista behin eta berriz ari da neurri integralak eskatzen indarkeria matxistari aurre egiteko.
Eraso matxista bat eguneko; zehazki, 1,27. Horiek dira aurtengo urtarriletik urrira bitartera Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietan salatu direnak: 304 egunean, 387 eraso. Ez dira guztiak. Horiek, salaketa aurkezteko urratsa egin duten emakumeenak. Kopuru horri, salaketa aurkeztu ez duten emakumeen kasuak gehitu behar zaizkio. Zenbatezinak dira horiek, ez dagoelako haren konstantzia ofizialik inon; ez dira ikusten, baina badira. Eraso matxisten salaketen kopurua aintzat hartuta soilik, lazgarria da egoera, amorragarria. Estatistika hotzen atzean, zenbaki horietako bakoitzaren ondoan emakume bat dago, izen abizenak dituen emakumea; emakumea izate hutsagatik bere askatasuna, bere eskubideak urratuak izan dituen emakume bat.
Segurtasun Sailaren prentsa bulegoak emandako datuak dira aurrekoak, Emakundek berretsi dituenak. Eraso matxista gehien Irunen izan dira urtea amaitzeko hilabete falta denean, 165. Errenteria-Oreretak jarraitzen du zerrenda hori bigarren postuan, 114 salaketarekin; Pasaiak, 53; Hondarribiak, 33; Oiartzunek, 12; eta Lezok, 10. Irunen, Lezon eta Oiartzunen behera egin dute salaketek —horrek ez du esan nahi erasoek ere behera egin dutenik, asko eta asko ez dira salatzen eta ez dago, beraz, kontabilizatzerik— 2018arekin alderatuta; gainontzeko herrietan, berriz, gora egin dute. Erradiografia bera errepikatzen da sei herrietako salaketa horietan: alde handiarekin, bikotekideak edota bikotekide ohiak dira erasotzaileak.
Neurri integralak
Indarkeria matxistaren bestaldean, aurrez aurre irmo, mugimendu feminista eta emakumeen sareak; ahizpak elkar babesteko prest, bat ukitzen badute denak ukitzen dituztelako. Mezu argia eta eskaera zehatza: indarkeria matxista arazo estrukturala dela diote, ez da puntualki eta era isolatuan gertatzen den zer edozer, patriarkatuaren itzal luzea dago eraso matxista bakoitzaren atzean, eta hortaz, hari aurre egiteko neurri integralak, asistentziatik harago, epaile eta polizia neurriak gainditzen dituztenak aldarrikatzen ari dira azken urte luzeetan. Horien beharra, argi uzten dute datuok. Ahalduntzea gakoetako bat, emakume bakoitza indibidualki zein kolektiboki indartzea eta emakume sareak sortzea autodefentsa feministaren aldeko hautua eginda. Eta bide horretan urratsa egin du Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxeak, emakumeen ahalduntzea ezinbestekoa delako, horretarako tresnak emakumeen eskura jarrita. Modu ofizialean irailean jarri zituen martxan orientabide juridikoa eta norbanakoaren jabekuntzarako zerbitzuak, baina uda aurretik hainbat kasu artatu zituzten zuten urgentziagatik.
Abiatu zirenetik 20 eta 75 urte arteko 21 emakumek jo dute zerbitzu horietara, eta hilabete honetan zein abenduan beste zazpi emakumek dute hitzordua;urtea amaitu aurretik, 28 emakume artatuko dituzte, hamalauna bi zerbitzuetan. Errenteria-Oreretakoak dira gehienak, baina Pasaia, Astigarraga edota Donostiatik ere jo dute bertara. Emakumeen Etxeak emandako datuen arabera, gainera, beste errekurtso batzuetatik bideratu dituzte emakume horiek: gizarte langileek, mugimendu feministak, SOS Arrazakeriak, Eskola Feministak, gizarte zerbitzuek, edota anbulatorioko sendagileak.
Batzuk errekurtsoen bidea hasita heldu dira Emakumeen Etxera, eta beste batzuk zuzenean jo dute bertara. Batera edo bestera, datu horiek erakusten dute errekurtsoen arteko sarean bere lekua hartu duela dagoeneko, ibilbide laburra badu ere, eta erreferente bihurtzen ari dela Errenteria-Orereta zein inguruko herrietako emakumeentzat. Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen «ezinbesteko» bi zerbitzu horietara heltzen diren emakumeak, emakumeek artatzen dituzte, emakumeentzako eremu seguruan, eta izugarri garrantzitsua dena, perspektiba feminista batetik.
Orientabide juridikoaren atzean Marisa Rodriguez abokatua ari da. Dagoeneko prozesu judiziala martxan duten baina horien gaineko zalantzak eta izaten ari diren ondorioen beldur diren emakumeek jotzen dute orientabide juridikora batetik, eta bestetik, duten arazoa nola bideratu ez dakiten eta edozein bide hasi aurretik informazioa jaso nahi dutenak. Zerbitzuan, konfiantza espazio bat eskaintzen diete emakumeei. Argi dio: «Hemendik ez ditugu bideratzen inongo erabakiak hartzera; informazio ahalik eta zehatzena ematen diegu prozesuaren gainean, instituzioek eskaintzen dituzten errekurtso guztien gaineko informazioa. Hortik aurrera beraiek dira erabaki behar dutenak, eta hausnarketa eskatzen du horrek. Kasu batzuetan, berriz, erabakiak urgenteak dira bizi duten egoeragatik. Informazio guztia eskura dezaten garrantzitsua da, prozesuaz zein ondorioez, eta horren arabera beraiek erabakiko dute salaketa jarri edo ez; salaketa ez jartzeak ez du suposatzen mundua amaitzea. Askotan obligazio gisa ikusten dugu, eta tresna bat gehiago da; batzuetan ezinbestekoa da, baina beste batzuetan, emakumeak ez du une horretan salaketa jartzeak izango dituen ondorioei aurre egiteko tresnarik».
Helburua, ahalduntzea
Zerbitzuak harrera oso ona izan duela dio. Aurretiko aholkularitzaren falta, arazo larria dela dio, «hemen orientatu egiten ditugu, informatu, aholkatu, lagundu ikusten irtenbidea badagoela, errekurtso asko dagoela eta horiek emakume bakoitzaren erabakiaren eta beharren arabera erabili behar direla. Iristen direnean esaten diegun lehenengo gauza da ez diogula irtenbide bat emango beren arazoari; izan ere, irtenbide hori beraiek aurkitu dezaten lagunduko ditugu; ahaldundu nahi ditugu, tresnak izan ditzaten. Emakumeak gara gure erabakiak hartu behar ditugunak, eta bide orria egiten laguntzen diegu hemen, nire kasuan, zaila, konplexua eta etsai giroko mundu bat, juridikoa, ulertzen laguntzea da helburua».
5
berdintasun teknikari
Oarsoaldea eta Bidasoa osatzen duten sei herrietako udaletan berdintasun teknikari bana dago, Hondarribian izan ezik.
2020ko aurrekontuak. Hondarribian, EH Bilduk eta Abotsanitzek berdintasun teknikaria kontratatzeko zuzenketa aurkeztu zuten azaroaren 14ko Hondarribiko Udaleko Ogasun Batzordean. EAJk muzin egin zion proposamenari.
Zerbitzura heltzen diren emakumeei hasieratik babes psikologikoa eskaintzea ezinbestekotzat jo du Rodriguezek, «emakume batek salaketa jartzea, banantzea erabakitzen duenetik gauzatzen duen arte, babes psikologikoaren beharra izan dezake, eta babes psikologiko hori ez da berehala heltzen instituzioetatik. Helburua da ahalduntzea psikologikoki, baita orientazio juridikoaren bidez ere, beraiek izan daitezen hartzen dituzten erabakien protagonistak».
Arta psikologiko hori, norbanakoaren jabekuntzarako gunean Maite Santamaria psikologoak eskaintzen du. Esperientzia zabala du arloan, Rodriguezen antzera. Positiboki baloratu du berak ere gidatzen duen guneak izan duen erantzuna, «positiboa da artatzea dugulako, emakumeek badutelako nora jo; kezkagarria da, ordea, hainbeste eskaera izatea, behar handia dago».
Rodriguezek bezala, bi ordu ematen ditu astean Emakumeen Etxean, eta emakume bakoitzarekin bakarka egiten dituen saioen iraupena murriztu egin behar izan du 60 minututik 40ra, egun bakoitzeko hiru emakume artatu ahal izateko: «Emakume asko heltzen ari dira arreta eskatzeko. Kasu honetan arreta psikologikoa da, baina askotariko atentzioa eskatzen dute. Entzunak izatea behar dute, baita irtenbideak ere. Baina nire eginbeharra ez da irtenbideak ematea, beraiek aurki ditzaten tresnak ematea baizik». Bat egin dute ideia horretan bi adituek: emakumeek beren erabakien protagonista izan behar dute, eta ahaldunduta lortzen dela hori diote; bi zerbitzuetatik hori egiteko tresnak eskaintzen dizkiete.
Hutsuneak arretan
Santamariarengana joaten diren emakumeak indarkeria matxista pairatzen dutenak dira, «aitortua edo ez», baina baita bestelako egoerak bizi dituztenak ere, «hainbat lekutatik, hainbat egoerei aurre egiteko, eta adin oso ezberdinetakoak dira datozen emakumeak. Gure bizitzaren edozein unetan sufritzen dugu emakumeok indarkeria matxistarengatik, baita harremanengatik ere. Emakumeen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu, ekonomikoa, sexuala, psikologikoa, lanekoa…».
Zerbitzuaren beharra aldarrikatu du,: «Eskaera badago. Beharrezkoa da eskaintzen dugun zerbitzua, zuloa dagoelako emakumeei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan denborari dagokionean. Emakume batek instituzioetara jotzen duenean, lehen arretara edo beste batera, muga bat du denboran, eta bi hilabeteko itxaronaldia; emakume horrek, baina, ezin du itxoin, behar du; erabakitzen badu arreta eskatzea, sufritzen denbora jakin bat eman eta gero, ezin diozu erantzun bi hilabetez itxoiteko. Instituzio asko ez daude arreta hori berehala egiteko moduan, baina ezinbestekoa da behar duten emakumeentzat».
Norbanakoaren jabekuntza gunea espazio interaktiboa dela erantsi du Santamariak, «datozen emakumeen eta bertan gaudenen arteko interakzio espazioa da, eta datozen horiei tresnak eskaintzen dizkiegu beraiek lortu ditzaten errekurtso propioak». Sarea aipatu du psikologoak, «ezinbestekoa» jo du, «eta hori sortzen da; nik asko sinisten dut sareetan, are gehiago emakumeen sareetan». Espazioak duen perspektiba feminista nabarmendu du, baita azken ideia bat ere, «nik ez ditut emakumeak salatzera bultzatzen, soilik beraiek nahi dutenean salatuko dute. Emakume bakoitzak bere egoera du, bere denbora, eta nik ezin ditut bultzatu prestatuta ez dauden zerbait egitera».
Emakumeen Etxeak ateak zabalik ditu astelehen eta ostiraletan 09:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera 16:00etatik 20:00etara. Telefono zenbakia, honakoa: 943 449 630.
«Erasotzaileak ez dira gaixo mentalak, sistema oso baten parte dira»
Udane Migeltorena. Harremantxo Elkarteko kidea
Neurri asistentzialetatik harago neurri estrukturaletara igarotzeko beharra aldarrikatu du mugimendu feministak. Zer da zehazki aldarrikapen horrek suposatuko lukeena?
Maiz esan dugu indarkeria matxista egiturazkoa dela, eta, beraz, honekin bukatzeko indarkeria sostengatzen duten egiturak eraldatu behar ditugu. Egia da indarkeria jasaten dugun emakumeok baliabideak behar ditugula, baina uste dugu arreta berezia jarri behar dugula prebentzioan. Zergatik ematen dira erasoak? Erasotzaileak ez dira gaixo mental edo basapiztiak, sistema oso baten parte dira. Erailketa, bortxaketa, mehatxua… ez dira modu isolatuan ematen diren ekintzak. Horien guztien atzean bestelako indarkeriak daude. Gutxiespena, publizitate eta hizkuntza sexistak, rolen betikotzea…
Hortaz, horietan eragin behar dugu. Horiek irauli behar ditugu. Komunikabideak, instituzioak, eskolak inplikatu behar dira. Bestelako ereduak erakutsi behar dira, alternatibak. Eta, nola ez, hezkuntzak ezinbesteko papera jokatzen du bide honetan. Indarkeria matxistarik gabeko jendarte batean bizi nahi badugu, hezkuntzan eta profesionalen formazioan inbertitzea beharrezkoa izango da.
Zer nolako ondorioak izango lituzke instituzioen jarrera edo inplikazioari dagokionez ?
Asko hitz egiten da azken boladan garbiketa moreaz. Mugimendu feministak ez ditu ondo geratzeko argazkiak nahi. Instituzioei neurri integralak eta politika feministetan inbertsio publikoa exijitzen dizkiegu. Izan ere, instituzioak dira eraso hauen erreprodukzioaren erantzule. Justiziak zalantzan jartzen du gure hitza; poliziak eta komunikabideetan zabaldutako mezuek etxean geratzeko eta bakarrik ez ibiltzeko esaten digute. Etengabe fokua emakumeongan jartzen da. Hori aldatu beharra dago. Langileen formazioa gakoetako bat da. Era berean, erasotua izan den emakumearen eskura jarri behar dira asistentzia sozial, psikologiko eta legala. Salaketa jarri edo ez. Behin eta berriro animatzen gaituzte salaketa jartzera, baina gero ez dago bermerik. Salaketa jartzeak ezin du gaur egun berekin dakarren zama izaten jarraitu. Zenbatetan kontatu behar dugu gertatutakoa kontuan hartzeko eta gure hitza zalantzan ez jartzeko?
Eta erasoa pairatu duen emakumearentzako zer suposatuko luke?
Emakumea erdigunean jarri behar da, bere beharrei erantzuna eman. Horrek esan nahi du bere denborak errespetatu behar direla, eta baliabideak eman behar direla erreparaziorako. Babes sareak eraiki behar ditugu, Nik sinesten dizut leloari kasu egin. Justizia feminista bati buruz ere hitz egin beharko genuke. Testigantzen balioa eta emakumeon sinesgarritasuna funtsezkoak dira. Eta, noski, berriz ere ez errepikatzeko bermeak jarri behar dira.
Aurten, egunero, 1,27 eraso izan dira Oarsoaldea eta Bidasoan. Zer nolako irakurketa egiten duzue datuak ikusita?
Guk argi daukagu sistemak huts egiten duela. Datuak benetan kezkagarriak dira. Izan ere, kontuan hartu behar dugu salaketa jartzen ez duten emakume ugari ere badela, baita egunero pairatzen ditugun erasoak eta eraso kontsideratzen ez direnak ere.
Jendartea aldatu egin da urteetan zehar. Eta indarkeria matxista ere eraldatzen joan da. Gaur egun oraindik ezin dugu indarkeriarik gabeko jendarte bati buruz hitz egin. Mugimendu feministak lan handia egin du eraso horiek izendatzen eta identifikatzen. Eta baliteke emakume gehiago ausartzea salaketa jartzera. Lehen ere eraso matxistak baziren, eta orain ere badira. Horiekin bukatzeko, beraz, sistema bera zalantzan jartzen hasi behar da. Bestela alferrik izango dira puntu more, isiltasun minutu eta gainontzekoak.