Musikene Big Band orkestrak kontzertua emango du bihar
Santa Zezilia eguna ospatzeko xedearekin, jazz saioa eskainiko du Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleek osatutako orkestrak.
Jazz emanaldia eskainiko du Musikene Big Band orkestrak bihar, Santa Zezilia egunarekin batera. Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiko ikasleek osatzen dute Big Banda, eta Itsas Etxea Auditoriumean emango dute saioa, 20:00etan hasita. Sarrerak hiru euroan daude salgai.
Taldeak eskainiko dituen abestien artean daude, besteak beste: Fee-Fi-Fo-Fum (Wayne Shorter), Photographs (Maajke den Dunnen), It’s the peace that deafens (Ola Onabule), I’m not running away (Leslie Feist), Charlie Chan (Joe Lovano), Save our love for me (Buddy Johnson) eta Erasehead (John Mulkerin).
Ed Partyka da orkestraren zuzendaria eta haren moldaketak zein sormeneko kantak nagusituko dira, hala nola, That 80’s Opener, The summer of my discontent eta Overcast. Chicagon jaio zen Partyka (Illinois, AEB) eta tronboi zein tuba jotzaile, konpositore, moldatzaile eta orkestra zuzendari ospetsua da.