12:00etan inauguratuko dute plaza berria. Aurretik, haurrentzako tailerrak eta jolasak izango dira.
Orain arte Juan Vollmer gisa ezaguna izan den plazak izen berria izango du. Izan ere, Irungo Udalak, hiriko elkarte ugariren eskaerari erantzunez, haur parke berriari Nagore Laffage izena jartzeko apustua egin du. Helburu horrekin, sinadura bilketa erraldoia egin dute irundarrek azken urtean.
Inaugurazioa igandean (hilak 24) izango da, 12:00etan. Zehazki, Nagore Laffage Casasola Parkea izena jarriko diote.
Irungo alkate Jose Antonio Santanok adierazi duenez, “indarkeria matxistaren kontrako gune sinbolikoa” izango da plaza berria. Inaugurazioaren aurretik, 10:30tatik 12:00etara, haurrentzako tailerrak izango dira, Txiribuelta eta Ondare Kultur Elkartearen eskutik. 12:00etan aldiz, Laffagen omenezko plaka aurkeztuko dute. Omenaldia biribiltzeko, Uikan Dantzak, Miren Gomezek eta Ainhoa Dantza Akademiak dantza eta musika saio berezia eskainiko dute.