Bosgarren Irun Open Innovation jardunaldiak Ficoba hartuko du astelehenean
Hiriko ekonomia eta merkataritzari aplikatutako berrikuntzaren garapena izango da bosgarren edizioaren ardatz nagusia.
Datorren astelehenean (hilak 25) Ficoba erakustazokan berrikuntzaren munduko aditu ugari bilduko dira. Izan ere, bosgarrenez jarraian, Irun Open Innovation jardunaldia egingo dute, Irungo Udalaren, Irun Ekintzan-en eta InnoBasque agentziaren egitasmoz.
Enpresako berrikuntzarekin zerikusia duen jardunaldia izango da, baina zehazki, bosgarren edizioaren ardatz nagusia hiriko ekonomia eta merkataritzari aplikatutako berrikuntzaren garapena izango dela zehaztu dute antolatzaileek. “Jardunaldi honekin tokikotik harantz joan nahi da, hiriko merkataritzaren eta ekonomiaren esparruan Irun berrikuntzaren mapan finka dadin”, adierazi du Irungo Udaleko Ekonomiako ordezkari Miguel Angel Paezek.
Bertaratutakoek sektorean sortzen diren erronkei berrikuntzaren bidez nola aurre egin eta horretarako zer nolako tresnak erabili ikasiko dute. Horretarako, Euskal Herriko zein estatu mailako profesionalak bilduko dira mahai-inguru ugaritan, euren esperientziak elkarbanatzeko.
Jardunaldian parte hartzeko interesa dutenek jada izena eman dezakete, helbide honetara idatziz edo 943 505 338 telefono zenbakira deituz. 9:00etan ekingo diote jardunaldiari, eta orotara, bost orduko iraupena izango du. Programa osoa, lotura honetan eskuragarri dago.