Blueserako «diru-partida izendunik» ez dela agertzen aurrekontuetan dio Abotsanitzek
Antzeko diru kopuruarekin «puztu» duela udal gobernuak Merkataritza eta Turismo Jardueren partida orokorra adierazi du herri batzarrak.
2020. urteko aurrekontu proiektuak blues jaialdirako «diru partida izendunik» ez duela ohartarazi du Abotsanitzek ohar baten bidez. Ekitaldirako aurreikusitako 300.000 euroko diru laguntza partida horren ordez, antzeko diru kopurua –295.600 euro, taldearen arabera–Merkataritza eta Turismo jardueren partida orokorra «puztera» bideratu dutela adierazi du herri batzarrak. «Turismo departamentuak nahi duena egin dezake lehen blues jaialdirako zen diruarekin», gaineratu du.
«Txomin Sagarzazu alkateak diru-partida hori jartzeko prest zeudela esan zuen urrian», azaldu du udal taldeak, baina, aurrekontu proposamenetik desagertu egin dela salatu du. Areago, «Merkataritza eta Turismo Jardueren partida blues jaialdirako bideratu daitekeela esango dute», baina hala eta guztiz ere, «blues jaialdia desagerrarazteko lehen erabakia» hartu duela udal gobernuak iritzi dio plataformak.