Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela eta, erronka luzatu die Emekik ikastetxeei
Azaroaren 25aren harira, eskuak margotuz puntu more erraldoia osatzera gonbidatu dituzte ikasleak. Bestalde, deialdi anonimo batek indarkeria matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du arratsaldean.
Azaroaren 25arekin batera Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna aldarrikatuko dute ehunka herritarrek han-hemenka luzatutako deialdietan. Hondarribian momentuz, bi dira egindako deialdiak: bata, Emekik ikastetxeei helarazitakoa, eta bestea, herritarrak elkarretaratzeko sareetan zabaldutako deialdi anonimoa.
Gai al zarete datorren azaroaren 25ean ikastetxeko jolas lekuan eskuak morez margotuz puntu more erraldoi bat osatzeko? Horixe da Emeki emakumeen elkarteak Hondarribiko ikasleei luzatutako erronka. Horren ondoren, argazkia atera eta ondoko posta elektronikora bidaltzeko eskaria egin dute. Bideo bat osatu nahi dute elkartekideek jasotako irudi sortarekin.
Bestalde, deialdi anonimo bat bolo-bolo zabaltzen ari da sare sozialen bidez, hondarribiarrak indarkeria matxistaren aurka mobilizatzera deituz. 18:00etan finkatu dute horretarako hitzordua, San Pedro kalean, eta norberak idatzitako mezuak, zapi moreak, puxikak, kandelak… eramateko eskaria egin dute deialdian.
Ondoko irudian ikus daiteke mezu originala: