22 milioi eurotik gorako aurrekontua bozkatuko du udalak datorren astean
Oposizioko taldeek egindako ekarpenekin «aberastuta», hilaren 28an deitutako ez ohiko bilkurara eramango du gobernu taldeak 2020 urteko aurrekontu proposamena.
Hondarribiko Udalak 2020. urteko aurrekontu proposamena bozkatuko du hilaren 28an deitutako ez ohiko bilkuran. 22 milioi eurotik gorako proposamena da –22.431.034 euro, zehazki– gobernu taldeak aurkeztuko duena, eta Txomin Sagarzazu alkateak esandakoaren arabera, iragan urriaren 24an «oposizioko alderdiei pasatutako zirriborroa beraien ekarpenekin aberastu dugu, eta hori da bozkatzera eramango dugun proiektua».
Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua dela berretsi dute gaur goizean egindako agerraldian Sagarzazuk eta Juan Mari Altuna Ogasun zinegotziak. Sarrerak gastuak baino handiagoak dira, eta seigarren urtez segidan zergak ez igo izanaz kontent agertu dira udal agintariak. «Zuhurtziaz jokatzen ari gara», gaineratu du alkateak. Halaber, legea jarraituta, %2,9 besterik ez dutela igo urte batetik besterako aurrekontua ere gogora ekarri dute.
Gaztaren banaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak udalen artean banatutako foru funtsari dagokionez, aurrekontu osoaren %55 izango da, «inoiz baino altuagoa», nabarmendu du Altunak. Denera, 12 milioi eurotik gorako diru sarrera da diputazioaren ekarpena. Hala, kopuru horretatik hondarribiar bakoitzari 725 euro egokitzen zaizkiola zehaztu du zinegotziak. Horrez gain, udalak bildutako zergen bitartez zazpi milioi euro baino gehiago gehitzen zaizkio aurrekontu horri.
Proposamenaren arabera, aurrekontuaren %32,7 gizarte zerbitzuen alorrera bideratuko dutela azaldu dute agintariek; beste %24,56 azpiegituretara; %21,03 administrazio arlora; %13,68 hiri segurtasunera; eta amaitzeko, %8 sail ekonomikora.
Hori horrela, momentuz, 718.400 euro bideratuko dituztela inbertsioetara ohartarazi du Altunak, eta «likidazioa egindakoan, martxo edo apirilaren bueltan, udalak beste 7.785.450 euro» inbertitzeko asmoa agertu dute.