Hamahiru saltokik parte hartu dute erakusleiho apainketa tailerrean
24 orduko ikastaroa da denera, eta erakusleihoak diseinatzen eta material ezberdinak erabiliz dekoratuak prestatzen ikastea dira helburu nagusiak.
Hondarribiko hamahiru saltokik erakusleihoen apainketa ikastaroan parte hartu dute, Hondarribiko Udalak jakitera eman duenez. 24 ordu dedikatu dituzte horretara parte hartzaileek: lau ordu erakusleihoak diseinatzen ikasten, eta beste hogei Gabonetako dekoratuak egiten trebatzen. Horrez gain, ordubeteko aholkularitza zerbitzua jasoko dute komertzio bakoitzean, muntaketa lanak eta argiztapenarekin laguntzeko xedearekin.
Diseinuen artean denetarik dagoen arren, gehien bat Gabonekin lotutako muntaiak landu dituzte parte hartzaileek. Ikastaroan izan diren saltokien artean daude, besteak beste: Xera estetika, Ipotx, Ongi Etorri, Canela, Ilaia Ileapaindegia, Guauxua, Joski, Xera Lenceria, Joxean haragitegia, Done Pedro, Santa Maria Madalena tailerra, Leiza eta Maddi Sormena.