[Galeria] Fase berri bati heltzeko prest agertu da Gure Esku Irun
Herri galdeketaren lehenengo urteurrenean aurrera begirako erronkak jendaurrean zehaztu ditu erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak.
Herri galdeketaren urteurrena beteko da astelehenean, eta hura gogoratuz ekitaldia egin du gaur goizean zehar Gure Esku Irunek San Juan plazan. Bi erronka berri planteatu dituztela azaldu dute Itsaso Sanchez eta Martxel Telletxea dinamikako kideek: bata, Gure Esku tresna gisa indartzea eta gorpuztea; bestea, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki ahal izateko erreferendumaren aldeko herri iniziatiba bat martxan jartzea. Era horretan, fase berri bati heltzea aurreikusi du iniziatibak.
Euriak gehiegi lagundu ez duen arren, parte hartzearekin kontent agertu dira Gure Eskuko kideak, eta “horrelako eguraldiarekin etorri izana ikaragarria” dela gaineratu du Sanchezek. Hala, garrantzitsuena biltzea eta abiapuntu bat ezartzea dela zehaztu du kideak, eta beraz, parte hartzea “oso positiboki” baloratu du.
Ander Errazkin dinamikako kideak ere eguraldia ikusita pozik agertu da San Juan plazaraino gerturatu den herritarrekin. Are gehiago, jendearen interesa balioan jarri du Gure Eskuko bozeramaileek asteazkenean aurkeztutako dinamika berriaren inguruan egindako informazio eskaerengatik.
Orain dela urtebete Gure Eskuk eta Hartu Hitza elkarteak “sortutako baldintzei eta jositako harremanei” esker herri galdeketa ahalbidetu zuten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Telletxeak, eta horrek baimendu zuela “estatus politikoaren gaineko galdeketa erraldoia” nabarmendu du, “modu demokratiko eta eraikitzailean”.
Egindako ibilbidearekin harro azaldu dira dinamikaren bultzatzaileak, eta eztabaida gune ezberdinetara iristea lortu zutela balioan jarri dute: “Urrats garrantzitsua egin genuen iazko azaroaren 18an”. Orain, ordea, aurrera begiratzea egokitu zaio taldeari eta eremu berrietara ailegatu nahi dute horretarako. Ildo horretan, bazkidetza kanpainaz gain, sinadura bilketa erraldoia ere egingo dutela aurreratu dute.
Fase berri horri jarraituta eredu berriak sortzea da, beraz, Gure Eskuk bere buruari planteatutako erronka nagusia momentuan, baita “erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen ari den kataluniar herriarekin gure lan ildoa sinkronizatzea ere”, zehaztu du Telletxeak.
Ekitaldiaren irudi sorta bildu du HITZAk.