PSE-EE eta EAJ-k Zaldunbordako proiektuari "alfonbra gorria" jarri diotela salatu du Elkarrekin Podemos-ek
"Merkataritza txikiaren etsai handienetakoari" laguntzea leporatu diete bi alderdiei.
Irungo Elkarrekin Podemos taldeak agerraldia egin du gaur. Bertan,taldeko idazkari nagusi Miren Echevestek eta Gipuzkoako Ahal Duguren koordinatzaile Maria Valientek Zaldunbordako proiektuan dagoeneko eman diren pausuak salatu dituzte. Beste behin, “megaproiektua gelditzea” exijitu dute.
Dagoeneko Higertoki SL enpresa lurrak egokitzen hasi dela salatu dute, “zuhaitzak eta landare guztiak suntsituta, eta Jaizkibel-Aiako Harria korridorea mehatxatuta”. Zaldunbordako Gaina Natura 2000 sarean sartu beharko litzatekeela gogoratu dute formazio moreko kideek, eta jaurlaritzatik jaramonik egin ez izana kritikatu dute.
Proiektu honi lotuta, PSE-EE eta EAJ alderdiek “izugarrizko kontraesanak” adierazi dituztela salatu dute ere bai. “Alde batetik, txikizkako merkataritza babestu behar dela eta helburu horretara diru laguntza gehiago bideratu behar direla onartu dute; txikizkako merkataritzaren arerio nagusiak online salmentak eta merkataritza gune handiak direla aitortu dute. Bestetik, Zaldunbordan egin nahi den espazioari dagokionez, merkataritza proiektu hori etetearen aurka agertzen dira”, salatu dute gaurko agerraldian.
Era berean, superfizie handiei erreferentzia eginez, sozialistek eta jeltzaleek “alfonbra gorria” jarri dietela salatu dute, “merkataritza txikiaren etsai handienetakoari”. Amaitzeko, horrelako proiektuek sortu baino, lan postuak suntsitzen dituela nabarmendu dute.