Atzera begiratu, aurrera egin
Urtebete da Irunen Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko herri galdeketa egin zutela. Hura balioan jartzeko, eta erreferendumaz hitz egiteko, ekitaldia egingo du bihar Irungo Gure Eskuk.
Iazko azaroaren 18an, Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko herri galdeketa egin zuen Hartu Hitzak Irunen. Igande hartan, mahaiaren gainean jarri ziren aukeren alde 4.891 irundarrek eman zuten bere iritzia, 16 urtetik gorako hauteslegoaren %9,15k. Emaitza edo zifretatik harago, galdeketaren balorazioa egiterakoan gauza bat nabarmendu zuten Hartu Hitzako kideek: galdeketaren egunera arte egindako bidea, sortutako harremanak, hiriko auzo guztietan estatus politikoaren gainean sortutako mugimendua, eta herritarrak ahaldundu egin zirela, kasu honetan Euskal Herriaren etorkizun politikoaz gogoeta egiteko.
Urtebete geroago, Irungo Gure Eskuk horri guztiari balioa eman nahi dio. Berriz ere kalera eraman nahi du orduan sortu zen olatua, izan ere, iaz sortutako giroak jarraipena behar duela iritzi dutelako, olatu gehiago behar direla aurrera egiteko, alegia. Eta bide horri ekiteko, ekitaldi sorta antolatu dute biharko (ondoko koadroan dago egitaraua). Atzera begira jarriko dira, baina aurretik datorrenari heltzeko. Eta Gure Eskuk jada esku artean badu egitasmo handia: erreferendum loteslea.
Horretara iristeko, baina, urrats asko egin behar dira oraindik. Gure Eskuren asmoa baita erreferendum horrek berme sozial, politiko eta juridikoa izan dezala, eta hori gerta dadin, herritarren indarra baliatu nahi du: erreferendumaren aldeko mugimendua indartu nahi du, eta aldi berean, hori bermatuko lukeen legearen bideari ekin nahi dio.
Hor, kaleko eta sukaldeko lan asko iragarri du Gure Eskuk. Azaleko eta sakoneko lana. Azaleko lanen artean, erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadura bilketa erraldoia hasiko dute hurrengo urtean: herri guztietan piztuko dira dinamikak, tartean Oarsoaldeko eta eta Bidasokoetan. Maiatzaren 7tik ekainaren 7ra, hilabetez, egingo dute sinadura bilketa hori. Gure Eskuk hasieratik garbi du gizartearen, herritarren aktibaziotik eta gogotik etorri behar duela olatu nagusiak, gainontzeko eragile, erakunde eta bestelakoetan eragina izateko.
Ospatzeko
Biharko egunari begira, iaz egindakoa herritarrekin batera ospatu, eta aurrera begira jarri nahi dutela azaldu du Itsaso Sanchez Irungo Gure Eskuko kideak. Hori bakarrik ez: Gure Eskuk azken urteetan sortu duen erabakitzeko eskubidearen aldeko patrimonioa zabaldu nahi dute. Eta aurrera begirako erronkak azaldu nahi dituzte, fokua, erreferendumean: Herri galdeketatik, erreferendumera izena jarri diote biharko ekitaldi sortari.
Hartu Hitza prozesutik asko ikasi zutela adierazi du Sanchezek, eta aurrerantzean, erreferendumari begira, hori baliatu nahi dutela. Martxel Telletxea Irungo Gure Eskuko kideak berretsi du ideia hori: «Iparrorratza da erreferendumaren aldeko herri ekimena sortzea. Barneratuta dago, barneratuta dugu, gure estatus politikoaren gainean erabakitzeko ahalmena izan behar dugula. Eta hori behetik gorako bide batetik egin behar dela uste dugu».
Galdeketaren aroa atzean utzita, Hemendik aurrera zer? galderari erantzuna ematen saiatuko dira Irunen erdian dagoen San Juan plazan. Baina azalpenez harago, nahi dutena da berriz ere aktibatu joan den urtean sortutako olatua, erreferendumaren bidean jartzeko. «Urtebeteko perspektibak ematen digun lasaitasunarekin iazko galdeketan egindakoa ospatu nahi dugu. Kontxo, zerbait handia egin genuen; handia eta polita. Kapazak izan ginen hori egiteko. Olatu hori sortu genuen. Orain beste olatu bat sortu nahi dugu», zehaztu du Sanchezek.
Irunen olatu hori berriz ere hauspotzeko, Hartu Hitza prozesuaren bitartez egindako harremanak berriz ere aktibatzea beharrezko ikusi dute. Elkarlanaren bideari ekin nahi diote berriro. Sanchez: «Hemendik aurrera, Gure Eskuren fase berri honetan, dinamika antzekoarekin jarraitu nahi dugu. Hartu Hitzan mugimendu oso parte hartzailea sortu zen, oso ondo funtzionatu zuen, gainera. Iruditzen zaigu hori dela bidea: jendearengana iristeko balio izan zigun, eta erreferendumari begirako herri ekimenera begira, horrekin jarraitu nahi dugu».
Telletxeak azaldu du, itxuraz, gisa honetako gaietan aritzeko Irun hiri zaila izan daitekeela: «Gogoan dut Irunen herri galdeketa egiteko aukera mahaiaren gainean jarri zenean, Amaia Kultur Zentroan egin zen batzar batean, baten batek eskuak burura eraman zituela. Egin genuen, lan handiz, baina egin genuen. Emaitzetatik harago, horretara iristeko egindako bidearekin gelditzen gara».
Erreferendum loteslea Euskal Herriko lurralde guztietan egitea da asmoa. Noski, hor hiru administrazio sartzen dira: Euskal Autonomia Erkidegokoa, Nafarroakoa, eta Ipar Euskal Herrikoak. Eta erreferendumari bultzaka, herritarrak egongo direla garbi dute Irungo Gure Eskuko kideek. Instituzioak behartuko dituztela erreferendumak egiteko beharrezkoak diren legeak egikaritzera. «Gure kasuan, gure interesekoa da Euskal Herriaren estatus politikoaren gaineko erreferenduma egitea. Ukatu gabe, noski, kultura parte hartzailea ezinbestekoa dela era demokratikoan jokatzeko, eta beraz, erreferendumak egitea bermatuko lukeen legedia, edozein erako galdeketak egiteko baliagarri izango litzateke», zehaztu du Telletxeak: «Estatus politikoaren gaineko bermedun eta legezko erreferenduma eskatzen ari garen heinean, beste gaien gaineko galdeketak egitea ere eskatzen ari gara».
Sukaldeko lanaz
Irundarrek aipatu dute erreferendumaren aldeko herri ekimenari oraindik ere forma ematen ari direla. Bertan, hiru subjektu daudela azaldu du Sanchezek: herritarrak, tokiko eragileak, eta erakunde publikoak. «Hiru horiek ez badaude bertan, oso zaila izango da herri ekimen hori aurrera eramatea».
Herritarrei eta herrietako eragileei dagokienez, tokian tokiko Gure Eskuren taldeak arduratuko dira horiek aktibatzeaz. Egitura nazionalekoekin diskrezioz lanketa egiten hasiak direla zehaztu du Sanchezek, «sukaldeko lanean ari dira beste esfera batzuetan: sindikatuak, alderdi politikoak, eragileak… Ea zerbait ehuntzea lortzen den, minimo amankomunetara iristeko gai diren. Horretan, gisa horretako prozesuetan adituak ari dira. Tira, haiek haien sukaldeko lana izango dute. Guk, gurea».
Biharkoan bi gauza ospatuko dituzte Irunen: bat, gauza handi bat egin zutela 2018ko azaroaren 18an; bi, handiago bat egiteko bidean jarriko direla.
Bideak zabaltzeko, bazkideak behar ditu Gure Eskuk
Erronka oso nabarmenak ditu aurretik Gure Eskuk. Horien artean nagusiena, eta aldi berean egitasmoari zentzua ematen diona, erreferendumarena da. Herritarrak ere saretu behar dira horretarako. Bide horretan, bazkidetza kanpaina abian du Gure Eskuk, Egizu posible lelopean. Ordainpekoa edo doanekoa izan daiteke bazkidetza hori. Gure Eskuren webgunearen bitartez (gureesku.eus) egin daiteke edonor egitasmoaren partaide.
Biharko ekitaldian Irunen mahaia jarriko dute bazkide izan nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Internetez edo Irunen bakarrik ez: Gure Eskuk herriz herri zabalik du bazkidetza kanpaina, eta Oarsoaldeko herrietan ere ari dira horri eusten. Tokian tokiko taldeek jakinaraziko dute nola egin daitezkeen herritarrak egitasmoko kide.
Eztabaidara zabalik
Bazkide izatea, ordea, ez da eginkizun pasiboa izango. Gure Eskurekin bat egiten dutenek aukera izango dute, era ordenatu eta arautuan (Internetez, pasahitza sistema bitartez) sor daitezkeen eztabaidetan parte hartzeko: horrela komunitatea sendotuko da, iritzia emateko bideak zabalduko dira, eta elkar elikatzeko aukera izango da. Gainera, informazio zuzen eta azkarra jasotzeko aukera izango dute. Hau da, Gure Eskuren bazkide izanda, eragilearen zati aktibo izango dira izena ematen duten herritarrak, saretzeko bidean iritzi eta joera guztiak aintzat hartuz.
Bertan edo kanpoan jaio, erabakitzera
Irungo Gure Esku Dagoko kideek argi dute Irun hiri plurala dela, hainbat komunitatek bat egiten dutela bertan. Euren asmoen artean dago denengana iristea, auzo guztietan. Biharko antolatutako ekitaldi sorta horren adibide izango da neurri batean, Afrikako nahiz Argentinako ukituak izango dituelako, besteak beste.
Hartu Hitza prozesuaren bitartez saiatu ziren bertan eta kanpoan jaiotakoen arteko ezberdintasunik ez egiten, hau da, Irunen bizi diren guztiak direla estatus politikoaren gainean iritzia emateko eragile.
Itsaso Sanchezen arabera, hala ere, bere garaian Irunera kanpotik etorritakoen falta sumatu zuten, «ez genuen jakin izan haiengana iristen. Orain, saiakera bat egin nahi dugu ea iristen garen».
Gure Eskuko lagunek badakite kanpotik etorritakoek badituztela euren bilgune propioak, artikulatuta daudela, «eta dauzkaten elkarte edo talde horien bitartez, haiengana ere iritsi nahiko genuke», zehaztu du Sanchezek.
Biharko Egitaraua
- 10:45. Kwadeni taldeak Afrikako dantza eta musikarekin girotuko du San Juan plaza, eguna hasteko.
- 12:00. Hego Haizea taldeak, Argentinako eta Euskal Herriko musiken fusioa eskainiko du, San Juan plazan. Euskal kantuen bertsioak egiten dituzte, argentinar ukituarekin.
- 13:00. Ekitaldi nagusiari ekingo diote.
- Ondoren. Argazki erraldoia aterako dute.
- Goizean zehar. San Juan plazan: Irungo Gure Esku Dagok egindako bidea zein izan den azaltzeko erakusketa jarriko dute, hainbat panelen bitartez; Gure Eskuko bazkidetza egiteko mahaia jarrita egongo da, eta bertan, informazioa lortzeko aukera izango da; Tripontziaren zozketan parte hartzeko txartelen salmentarako gunea egongo da; Gure Eskuren materiala saltzeko eremua egongo da.