Aizkorak zorroztuko dituzte etzi Psilocyben
Zazkel eta Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldeen emanaldia hartuko du Mendeluko aretoak larunbatean.
Aizkorrak Zorroztu & The Mia Wallace Band eta Zazkel talde bilbotarren doinuekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Psilocybeneak asteburuan. Hitzordua etzi, larunbatarekin, aurreikusi dute elkarteko antolatzaileek, 22:00etatik aurrera. Sarrerak sei euroan jarriko dira salgai.
2014. urtean ekin zion ibilbideari Bilbotik Hondarribira iritsiko den Aizkorak Zorroztu & The Mia Wallace Band taldea. «Orgien-erritmo» nahasketatzat eta «koktel-ontzi leherkor surrealistatzat» jotzen du bere burua; are gehiago: «Rock-makrobiotiko-frenetiko eta tropiko psikodelikoaren aitzindariak» direla dio euren aurkezpen txartelak.
Reparaz anaien eta Ander Pikowskyren eskutik sortu zen taldea, eta bi disko argitaratu ondoren, Gazteako maketa lehiaketako finalean sartu ziren. Emanaldi horretarako kontzertua prestatzen ari zirela, «taldea hirukote izatetik orgia handi izatera igaro zen». Geroztik, Lorelei Green, Xandra J. March, Ronaldo Bahia, Mandy Cienfuegos, Ales Orduna eta Txosk abenturara batu zitzaizkien. Handik aurrera, denak elkarrekin aritu dira agertoki gainean.
Zazkelek bere aldetik, 1980ko hamarkadako talde euskaldunen zein atzerritarren erritmoetan oinarrituta, euskal pop erradikala aldarrikatzen duen talde bilbotarra da jaiotzez. Etxahunek eta Asierrek sortu zuten taldea 2012. urtean, Bizkaiko hiriburuan, eta gerora, Tolo, Irati, Axier, Oskar eta Piarres gehitu zitzaizkien.
Taldeak 2015ean argitaratu zituen lehen kantak Beta izenpeko maketan, eta handik urtebetera, lehen disko homonimoa grabatu zuen. Urte horretan bertan, Azkue Fundazioak antolatutako Banden Lehiako irabazle suertatu ziren, eta 2017ko ekainean Leioako Pop-Rock lehiaketako hiru sari eskuratu zituzten: euskarazko kantarik onena (Eri, 2016), pop talderik onena eta talde orokor onena. Estudioko bigarren diskoa 2017ko irailean publikatu zuten, eta Aizkorak Zorroztu eta Gorpuzkingz bezalako taldeekin kolaborazioak egin zituzten horretarako.