Aurresku txapelketa egingo dute larunbatean Itsas Etxean
Ibarla Meaka Dantza Taldeak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Hondarribiko Udalak antolatu dute Hondarribiko I. Aurresku Txapelketa Nagusia.
Aurresku lehiaketa egingo dute Hondarribian lehen aldiz hilaren 16an, larunbatarekin. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak, Irungo Ibarla Meaka Dantza Taldeak eta Hondarribiko Udalak elkarlanean antolatu dute Hondarribiko I. Aurresku Txapelketa Nagusia. Larunbaterako finkatu dute emanaldia Itsas Etxea Auditoriumean, 18:30ean abiatuta, eta zehaztu dutenez, «gipuzkoar erara» egingo dute txapelketa.
Proposamena Ibarla Meaka taldetik iritsi zitzaiela azaldu du Juan Luis Silanes Kalixa Hondarribiko Kultura zinegotziak, «eta oso begi onez ikusi genuen». Hala, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarekin batera «ekitaldi ikusgarria» taularatuko dutela iritzi dio hautetsiak.
Azaldutakoaren arabera, hamabost urtetik gorako dantzariek parte hartu ahal izango dute txapelketan, eta horien guztien artean, denera, hamaika lehiatuko dira.