Arantxa Urretabizkaiak jasoko du 2019ko Anton Abbadia Saria
Bizitza osoan zehar euskararen alde egindako lanarengatik, «baita egoerarik zailenetan ere», aho batez erabaki du epaimahaiak saria ematea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantxa Urretabizkaia idazlearen ibilbidea balioan jartzea erabaki du 2019. urteko Anton Abbadia Sariaren entrega eginez. Aho batez hartu du erabakia epaimahaiak: «Bizitza osoa darama euskararen alde lanean, baita egoerarik zailenetan ere». Abenduaren 2an Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan jasoko du saria Urretabizkaiak.
Euskara batuaren erabilera normalizatzea lortu zuelako ere saria merezi duela adierazi dute epaileek; are gehiago, euskara aro modernora ekarri zuen belaunaldiaren ordezkaritzat jo dute Urretabizkaia. Aldunditik nabarmendu nahi izan dutenez, aipatutakoaz gain, «aitzindaria izan da euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan».
Jaizkibel konpainiaren ikur izan da Urretabizkaia, eta 1996 geroztik, konpainia parekidearekin irailaren 8an bildutako bizipenak Bidean ikasia liburuan jaso zituen. Horrez gain, hamaika lanengatik ezaguna da Hondarribian egokitutako idazle eta kazetari donostiarra, besteak beste: Zergatik, Panpox (1979), Koaderno Gorria (1998), 3 Mariak (2010) edota Zuri-beltzeko argazkiak (2014).
Anton Abbadia Saria 1996. urtean sortu zuen diputazioak, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten norbanakoen eta elkarteen lana errekonozitzeko xedearekin. «Euskararen erabilera biziberritu, gizarteratu eta hedatzen duten pertsona eta taldeentzako nolabaiteko aitortza izan nahi du», hain zuzen.
Irakurketa jarraitua
Emakume batek euskaraz argitaratutako lehen eleberria izan zen Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox?, eta aurten, Oiartzungo Hitzen Lihoaren protagonista emakume idazle eta sortzaileak direnez, irakurraldi kolektiboa horrekin egitea erabaki du taldeak.
Hori dela eta, Urretabizkaiaren nobelaren irakurketa jarraitua egingo dute azaroaren 24an, igandearekin, 10:30ean hasita, Oiartzunen. Txandakako irakurketa izango da, eta udaletxean egingo dute. Lehen aldia da Oiartzunen gisa honetako jarduera bat egiten dela.