«Tramitazio arraro samarrak» antzeman ditu Abotsanitzek Muliate inguruan
Promozio pribatuko hiru etxebizitza multzoetan emandako erabilpen baimenekin «zalantza pizten duten elementu nabarmenak» daudela ohartarazi du udal alderdiak.
Muliate inguruko hiru etxebizitza multzoen erabilpen baimenen gaineko susmoa agertu du Abotsanitzek komunikabideetara bidalitako oharrean. «Zalantza pizten duten elementu nabarmenak» antzeman dituztela adierazi dute udal taldetik, eta hiruen kasuan 2019an zehar jaso dutela baimena zehaztu. «Tramitazio arraro samarrak» direla iritzio dio Abotsanitzek.
Herri batzarrak aipatutako lehen kasua hamabost etxebizitzen proiektua da. Zabaldutako informazioaren arabera, «maiatzaren 9an lehen erabilpen baimena ukatu zitzaion, eraikitakoa ez zetorrelako bat proiektuarekin». Handik zortzi egunera, ordea, «erabakia aldatu eta enpresak lehen erabilpen baimena jaso zuen», gaineratu dute.
Bigarren kasua bost etxebizitzen multzo bat dela dio udal alderdiak, eta «antzeko kontraesanak» daude. Amaitzeko, hamasei etxebizitzako proiektu baten inguruan mintzo da, «urriaren 14an ez betetze nabarmenak azaltzen dira bisita teknikoan». Halere, astebetera «lanak ontzat eman» eta erabilpena baimena jaso zutela dio Abotsanitzek.
Izapidetze horiek guztiak argitzeko helburuarekin azalpenak ezinbestekoak jo ditu alderdiak, baita «Hondarribian egiten diren etxebizitza pribatuen proiektuetan kontrol zorrotza» ere.