Olentzero eta Gabon Kanten jaialdian izena eman daiteke dagoeneko
Hilaren 22an itxiko dute lehiaketan parte hartu ahal izateko epea; interesdunek BAZ bulegoan eman behar dute izena.
2019. urteko Eguberrietara begira jarri da dagoeneko Hondarribiko Udaleko Kultura departamentua, eta ohikoa den moduan, abenduaren 24ko Olentzero eta Gabon Kanten jaialdia antolatzeari ekin dio dagoeneko. Bertan parte hartu nahi duten taldeek edota abesbatzek hilaren 22ra arte eman ahal izango dute izena, BAZ bulegoan. Eskaeran zehaztu beharko dute gabon kanta jaialdian soilik parte hartu nahi duten, edo Olentzeroen lehiaketan ere.
Kultura arlotik jakinarazi dutenez, herriko elkarteek parte har dezakete jaialdian, gutxienez 20 lagunek osatu beharko dute taldea, eta ezinbestekoa da partaideak hamasei urtetik gorakoak izatea. Euskarazko bi gabon kanta abestu beharko ditu talde bakoitzak, bata Olentzeroa eta bestea, aukera askekoa.
Sariei dagokienez, kanta jaialdira Olentzeroarekin batera aurkezten den talde bakoitzak 400 euro jasoko ditu, abestera soilik aurkezten direnak ordea, 250 euro. Zabaldutako informazioaren arabera, «gabon kanten eta aurkeztutako Olentzeroen maila behar adinekoa ez bada, udalak dirusari horien kopurua osorik edo zati batean aldatzeko ahalmena izango du».
Entseatzeko leku proposamena
Gabon kanten jaialdian parte hartzen duten abesbatzei edo taldeei Kultur Etxean entseatzeko aukera luzatu die Kultura departamentuak. Hiru igandetan zabalduko dute Kultur Etxea horretarako, baina bertan entseatzeko interesa dutenek, Kultura arloarekin harremanetan jartzea ezinbestekoa da «ordutegiak antolatu ahal izateko».
Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotziak emandako zehaztapenen arabera, «entseguak behar moduan egin daitezen, Kultur Etxeko Areto Nagusia erabiltzeko proposamena egiten diegu. Hala, azaroak 17, abenduak 1 eta abenduak 15, denak igandeak, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara erabili ahal izango dute».