Balea ehiza historian zehar hizpide izango dute etzi liburutegian
'Moby Dick' zikloaren barruan antolatutako hurrengo solasaldia da etzikoa eta Michael Barkham aditua izango du hizlari moduan.
Herman Melville idazlearen omenez antolatutako Moby Dick zikloaren barruan aurreikusitako hurrengo solasaldiak baleak izango ditu hizpide, Hondarribiko Udal Liburutegiak jakitera eman duenez. Balearen ehiza historian da etzirako antolatutako hitzaldia, eta Michael Barkham adituak izango du gidari lanak egiteko ardura. Harekin batera, Leire Cano ariko da moderatzaile lanetan. Etzi, ostegunarekin finkatu dute hitzordua, 19:00etatik aurrera, liburutegian bertan. Sarrera doan da eta hizketaldia gazteleraz izango dela jakinarazi dute.
Michael Barkham (Ottawa, Kanada, 1959) Geografian doktoretza eskuratu zuen Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua). XVI. eta XVII. mendeetako Euskal Herriko eta Kanadako itsas historia eta Terra Novako euskal baleontziak zein bakailaontziak dira haren espezialitate nagusiak.