Herri «erosoagoa» eta «garbiagoa» lortzea da agente zibikoen xedea, udalaren arabera
Bizikidetza bultzatze aldera lau lagun kontratatu ditu udalak ordenantzen inguruko informazio zuzena eman diezaieten herritarrei.
Lau agente zibiko kontratatu dituela jakitera eman du gaur Hondarribiko Udalak. Bizikidetzaren alde herri «erosoagoa» eta «garbiagoa» izatea dira kontratazioaren helburu nagusiak, zabaldutako informazioaren arabera. Lanbideren enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen 2019ko deialdiaren barruan kokatu du udalak kontratazioa.
Herritarrei udal ordenantzen gaineko informazio zuzena ematea da agenteen lana, «bere funtzioa ez da zigortzailea» argitu du Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak. «Hiri bizikidetzari, ondasun publikoak errespetatzeari, eta eremu publikoaren garbiketa, okupazioa eta erabilera arautzeari buruzko ordenantzak» zabaltzea dira batez ere agenteen jardun nagusia, «baita animaliak edukitzea eta babestea arautzen dituen ordenantza hedatzea ere».
Ildo horretan, txakurrak lotuta eramatea eta horien kakak jasotzea «nahitaezkoa» dela gogoratu du Serranok. Halaber, zaborrak leku eta ordutegi zehatz batean uztearen inguruko informazioa ere ematen dutela gaineratu du.
Lanbideren babesean lanean hasi diren lau agenteen kontratuaren iraupena sei hilabetekoa izango dela argitu du udalak; horren ondoren, sei hilabetez beste lau lagun kontratatuko ditu.