Abotsanitz: "Ez dugu esan Hondarribiko Udalak legea bete ez duenik; Higertokik hautsi du legea"
Zaldunborda gaiaren harira, atzo Hondarribiko udal gobernu taldeak adierazitakoei hainbat zehaztasun egin dizkio Abotsanitzek.
Abotsanitzek, atzo udal gobernu taldeak hedabideetara bidalitako oharrari hainbat zehaztasun egin dizkio. Gaia: Zaldunbordan Higertoki SL enpresak egindako lanak. Izan ere, EAJren udal gobernuaren testuak Abotsanitzen ustez iradokitzen du Hondarribiko Udalak hautsi zuela legea Zaldunbordako lan horietan: “Ez dugu esan Hondarribiko Udalak legea bete ez duenik; Higertokik hautsi du legea“. Zehazte aldera, Higertokik bi lege hautsi dituela esan du alderdiak: “Lur Zoruaren Euskal Legea, eta Ingurumenaren Euskal Legea”. Lege hauste horien jakitun, alkateak “dekretuz” horiek egin zirela onartu duela gogorarazi du Abotsanitzek.
Alkatearen erabakiaren berri eman zuen udaleko oposizioko taldeak, “gardentasun printzipioak jarraituz”. Eta arduraz jokatu zuela nabarmendu du, “irailean Ertzain Etxean Higertokiren kontrako salaketa jartzean egin genuen bezala”. Hala, udal gobernuari “zuzentasunez” joka dezala eskatu dio, “EAJk ez baitio Abotsanitzi erantzun, bere ahotan jarri dituelako esan ez dituenak”.
Abotsanitzek berretsi egin du “udal gobernuak eta alkateak egiten dutena gertutik jarraitzen” jardungo duela, “eta hondarribiarrei ondorio ikaragarriak ekarriko lizkiokeen proiektua gelditzeko borrokatzen”.