Zaldunbordako lan "klandestinoen" inguruan "legea bete" duela dio udal gobernuak
Antzeko egoeran dauden "espediente guztiekin jarraitutako prozedura bera" segitu duela argudiatu du tokiko gobernuak, eta bere "interes partikularren" arabera jokatu izana leporatu dio Abotsanitzeri.
Zaldunborda Gaina eremuan egindako legez kanpoko lanen inguruan dagokion prozedura jarraitu duela aditzera eman du gaur Hondarribiko Udaleko gobernu taldeak, komunikabideetara bidalitako ohar batean. Abotsanitzen udal taldeak eman zuen lan “klandestinoen” berri aste honetan, baina “espediente guztiekin jarraitutako prozedura bera” segitu duela jakitera eman du. “Udalak legea bete egin du”, esan du, eta bere “interes partikularren” araberako adierazpenak egitea leporatu dio herri batzarrari.
Tokiko gobernuak zabaldutako informazioaren arabera, egin beharreko lanari “ez zegokion lizentzia zuela ikusita”, eta “ezinbesteko txosten teknikoa eskuartean izanda”, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeari jarraituz “klandestinoak” deklaratu zituen Higertoki SL enpresak egindako lanak. Udal gobernuak ohartarazi duenez, legeak dio lan horiek “legeztagarriak” direla, hilabeteko epean, dagokion proiektu teknikoa aurkeztuta.
Zehaztu du udalari dagokiola zehapen espedienteari hasiera ematea, egindako lanak hirigintza arau-hauste izan daitezkeen neurrian ardurak argi daitezen.