Elkarrizketa musikatuak dira Neguko Jardunaldien berritasun nagusia
Gazteengan indarra jarri arren, adin guztiei zuzendutako jarduerak antolatu ditu departamentuak euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin.
Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak urtero antolatu ohi dituen Neguko Jardunaldien berri eman zuen atzoko egunean Maria Serrano zinegotziak. Gazteengan indar berezia jarriko dutela aurten zehaztu zuen hautetsiak, nahiz eta herritar orori begirako ekitaldiak aurreikusi dituzten. Hil honen bukaeran egingo diren elkarrizketa musikatuak dira 2019ko jardunaldien berritasun nagusia.
Euskararen erabilera butzatzeko antolatzen ditu urtero Euskara departamentuak Neguko Jardunaldiak, “nahiz eta gaur egun zorionez esan dezakegu euskarak presentzia handia duela urte osoko ekitaldietan”. Hala, aisialdian euskararen erabilera indartzeko jardueren artean daude, besteak beste: Txiste Grafikoen Lehiaketa zein Bordari eta Satarka Literatur Lehiaketa, zeinak hilaren 15ean parte hartzeko epea amaitutzat emango dute; hilaren 23rako Itsaslur elkarteak Jon Martin eta Sustrai Colinarekin antolatutako bertso afaria, edota biharamunean aurreikusitako Kalean Kantuz jaialdia. Bi lehiaketetako sari banaketak bestalde, geroago egingo dituztela azaldu zuen atzo Serranok: Txisteena, hilaren 30ean, eta bigarrena abenduaren erdialdean, Durangoko Liburu eta Disko Azoka bukatzean eta Hondarribikoa garatu bitartean.
Hilaren 27an aipatutako elkarrizketa musikatuak aurrera eramango dira Itsas Etxea Auditoriumean DBHko ikasleekin batera. Bertan, zenbait musikarien parte hartzearekin euskararen erabilera sustatzearen aldeko abesti bat sortuko dute ikasleek. Handik bi egunera Gaztedromoa egingo dute Kasino Zaharrean. Bestalde, aurtengo Mintzodromoa antolamendu arazoak medio bertan behera gelditu dela ohartarazi zuen atzoko agerraldian Serranok.
Bukatzeko, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Euskararen Asteburua antolatzen ari direla udala eta Blagan elkartea aurreratu zuen zinegotziak, nahiz eta momentuz zehazteke dagoen egitaraua. “Izango dugu horren berri edukitzeko aukera”, gaineratu arren, “zerbait berezia” izango dela zehaztu zuen udal hautetsiak.