Munduko Txapelketako finalean sartu da Ion Areitio
Ion Aretitio hondarribiarra bosgarren izan da gaurko finalerdietan; sei plaza zeuden jokoan finalerako. Azken lehia bihar da.
Txinako Chengdu hirian ari dira jokatzen egunotan Bike Trialeko Munduko Txapelketa. Gaur goizaldean (Euskal Herrian; eguerdia zen Txinan) jokatu dute Gizonen Elite Mailako finalerdia: Ion Areitio bosgarren sailkatu da, beraz, biharko finalean izateko eskubidea lortu du.
Partaideen zerrendan 29 kirolari zeuden, baina finalerako sei txartel soilik zeuden jokoan. Horietatik bosgarrena izan da hondarribiarrarentzat. 640 puntu eskuratu ditu.
Gaurko finalerdiko lehena Alejandro Montalvo (Toledo, Espainia) izan da, 760 punturekin. Borja Conejos (Madril, Espainia) izan da bigarrena, 730 punturekin, eta Dominik Oswald alemaniarra izan da hirugarrena (710 puntu). Areitioren aurretik, laugarren postuan, Thomas Pechhacker austriarra sailkatu da (690 puntu). Finalean izango den seigarren bike trial pilotua Samuel Hlavaty eslovakiarra izan da (580).
Bihar da finala, Txinako 15:30ean (zazpi ordu gutxiago Euskal Herrian).