Proiektuaren «irrazionaltasuna» salatu du Zaldunborda Geldituk
Hondarribiko dendariek, ostalariek, ekologistek eta norbanakoek Zaldunbordako proiektuaren aurka borrokatzeko plataforma aurkeztu dute gaur goizean.
Hondarribia Village outlet erraldoiak eragingo dituen kalteen aurrean, Zaldunborda Gelditu plataforma aurkeztu dute gaur goizean udaletxeko arkupeetan Hondarribiko dendariek, ostalariek, ekologistek eta norbanakoek. Proiektuak ekonomian, gizartean eta ingurumenean eragingo dituen kalteak agerian uzteaz gain, egitasmoa bertan behera utzi arte borrokatzeko prest azaldu dira plataformaren sortzaileak.
Proiektuaren «irrazionaltasuna» kritikatu du Sonia Herce plataformako kideak: «Hamabi futbol zelairen tamainako 30.000 metro koadroko lursailean eraikiko dituzte 100 denda, 36 ostalaritza gune, 11 gasolina hornigailu eta 1.800 aparkaleku». Hondarribian 145 saltoki daudela gogora ekarri du, eta egitasmoa aurrera eramanez gero «gertuko komertzioaren txikizioa» eragingo duela salatu du.
Tokiko merkataritzan izan dezakeen eraginaz gain, outlet-ak sortuko duen enplegua «behin-behinekoa eta prekarioa» izango dela eta «mugikortasun erasokor ez jasangarria» bultzatuko dituela adierazi du; landaredi zein faunan «kalte konponezinak» ere eragingo dituela salatu du.
Txomin Sagarzazu alkatearen eta gobernu taldearen jarrera ere kritikatu dute plataformako kideek. Prozesua «gardentasunik gabe» aurrera eraman dutela salatu du Hercek. Are gehiago, herritarren parte hartzea galaraztea eta gainontzeko udal taldeei informazioa ezkutatzea leporatu dio Sagarzazuri, «lursailen erosketaren edo promotoreek aurkeztutako Plan Partzialaren gainean egin zitzaketen ekarpenak eta proposamenak ukatuz».
Tokiko merkatariek eta ostalariek sentitutako indefentsioa eta frustrazioa agerian gelditu dira egoera «negargarritzat» jo dutenean. Gasteizko parlamentuaren gehiengoak proiektua eteteko eskatu arren, Hondarribiko alkatearen erantzun ezak ondoeza areagotu egiten diela gaineratu dute.
Bost milioi bisitari
Bartzelonan eta Madrilen eraiki dituztela tankera horretako outlet erraldoiak azaldu du Silvino Diaz plataformako kideak jendaurrean, «lau eta sei milioi arteko biztanle kopuruak dituzten hiriguneetatik gertu». Bartzelonakoan, bisitarien %53 turistak direla gaineratu du. Ildo horretan, egitasmoa Hondarribiarentzat «erabat neurrigabea, agresiboa eta bateraezina» dela ohartarazi du. Are gehiago: «Urtero 5 milioi bisitari jasotzea aurreikusten du proiektuak; lauzpabost segundoro auto bat mugituko da inguruan».
Ildo horretan, iragan astean aurkeztutako Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak zer zentzu ote daukan galdetu dio halaber bere buruari, atmosferara isuriko den CO2 kopuru «neurrigabea» aintzat hartuta.
Xabier Garate Bidasoaldeko Lagunak talde ekologistako kideak «dagoeneko hainbeste tratu txar» jaso dituen Jaizkibelgo korridorea balioan jarri nahi izan du: AP-8 autobidea, GI-636 errepidea, Renferen eta Euskotrenen azpiegiturak bertan daudela esan du, «eta etorkizunean, Abiadura Handiko Trena ere». Horiek guztiek korridoreari eragindako kalteaz gain, dituzten datuen arabera, egunero 11.000 auto desplazamendu aurreikusi dituzte, eta horrek «gas isurien hazkunde izugarria» eragingo luke: «Europako, Espainiako eta EAEko lege eta neurri guztien aurkakoa da proiektua».
Bost milioi bisitari horiek 100-120 kilometroko eremuan eragina izango dutela salatu du Garatek: «Hondarribia lurrikararen epizentroa izango da, baina eztandak urrutiraino joko du». Hala, Ipar Euskal Herriko, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarrak inplikatzea nahiko lukete, eta dagoeneko zenbait mugimendu egon direla onartu dute, hala nola, Oarsoaldean, Donostialdean edo Bortzieretan.
Lan ildoak zehaztuz
Hondarribiko dendariek Txomin Sagarzazu alkatearekin eta gobernu taldearekin bilera bat egin zutela kontatu du Hercek agerraldian. Proiektua justifikatzeko alkateak bi argudio nagusi erabili zituela adierazi du: bata, enplegu sortzea; eta bestea, ingurumena. Bien aurka azaldu ziren bileran parte hartu zutenak: «Desagerraraziko dituzten lanpostu guztiak kontuan hartzeko eskatu genien, bai komertzio txikian zein ostalaritzan».
Sagarzazuren erantzuna eta argudioak entzun arren, udal agintariarengan eta haren alderdiarengan jarri dute indarra, «haiek baitute erabakitzeko gaitasuna», Diazen arabera. Ildo horretan, taldeko lege arduradunak aukera guztiak aztertzen ari direla azaldu dute, baita beste instituzioetara jotzea ere, «Hondarribia eta Irun baino harago hedatzen baita arazoa». Gaia ikertuko duen Eusko Jaurlaritzaren batzordean parte hartzea eta Arartekora jotzea ere eskuartean dituztela onartu dute.