Via Irun proiekturako lehen irizpide eta helburuak definitu dituzte
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Via Irun proiekturako dagoeneko lehen zirriborroa definitu dutela jakinarazi du gaur, "hiriko tren eremuaren birsorkuntza hasteko pausu beharrezkoa".
Irungo alkate Jose Antonio Santanok, Via Irun proiekturako dagoeneko lehen zirriborroa definitu dutela jakinarazi du gaur, zenbait irizpide eta helbururekin. Dokumentua, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren aldaketari lotuta dagoela zehaztu du, “hiriko tren eremuaren birsorkuntza hasteko pausu beharrezkoa”.
Zirriborro horretan, orain arte parte parte hartu duten 4.500 irundar ingururen iritziak kontuan hartu dituztela dio alkateak. Bileretan zein telefonoz egindako galdeketetan, ondorengo hamar proposamenak bildu dituzte: trenbide azpiegiturak, hiriko zein lurraldeko estrategia, lotura eta mugikortasuna, eremu publikoa, jarduera ekonomikoak, ekipamenduak, etxebizitza, ondarea, perspektiba inklusiboa eta eraginkortasuna. Gai guzti horiek landu dituzte dokumentuan.
“Erabilera mistoko eremua garatu nahi dugu, jarduera ekonomikoa izango duen eremua nahi dugu, baina baita ere bizileku gisa erabiliko dena. Horrez gain, Belaskoeneatik Kolon pasealekura ardatz berdea izatea nahi dugu”, adierazi du Santanok.
Irizpide eta helburuak biltzen dituen dokumentua dagoeneko alderdi guztiek jaso dutela zehaztu du alkateak. Hemendik aurrera, iritziak eta gomendioak jasotzeko aukera izango dute. Proiektuak, Hirigintza Aholkularitza Batzordean dokumentu baten aurkezpenarekin jarraituko dute prozesua, beharrezkoa baita Korporazio Batzarrean onartzea.