Zaldunbordako lanak «baimenik gabe» gauzatu izana onartu du alkateak Abotsanitzen arabera
Urriaren 29ko 1909/2019 dekretuan udal arkitektoak legez kanpoko lan horiek zehazten dituela azaldu du plataformak; alkateak lanak legeztatzeko aukera eman dio enpresari.
Higertoki SL enpresak udaran zehar Zaldunborda Gaina eremuan egindako lanak «baimenik gabe» egin zituela onartu du Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, Abotsanitz herri plataformak zabaldu duenez. Hala zehazten du 1909/2019 dekretuak udal arkitektoaren txosten batean oinarrituta. Egoeraren aurrean, lanak legeztatzeko aukera eman diola alkateak enpresari ere kritikatu du herri plataformak.
Informazioaren arabera, «azterketa geotekniko bat egiteko helburuarekin, ikusketa, zundaketa eta penetrometro lanak egiteko lizentzia» jaso zuen enpresak ekainaren 24ean. Uztailean eta abuztuan udal teknikariek egindako bisitetan ikusi zutenez ordea, «lanek lizentziaren edukia gainditzen zuten».
Hori horrela, txostena eskuartean izanda «lan horiek klandestinoak direla ebatzi du alkateak» eta dagokion espedientea ireki du Higertokiren aurka, Lurzoru eta Hirigintza Euskal Legea hausteagatik hain zuzen ere. 500 eta 5.000 euro arteko isuna jaso dezake enpresak horregatik. Hala eta guztiz ere, hilabeteko epean lan horiek legeztatzeko aukera eman dio Sagarzazuk Higertokiri «zuhaitz mozketa eta lurrak betetzeko lanen inguruko baimena eska dezan».
Baimenik gabeko «betelanak eta landa eremuko zuhaitz eta landaredi mozketak» egitea leporatuta Higertokiren aurkako salaketa jarri zuen Abotsanitzek iraila bukaeran. Orain, beste behin ere, udalak «prozedura erraztu nahi diola» enpresari salatu du herri plataformak eta ondorioz, «baimen guztiak eteteko» galdegin dio Hirigintza departamentuari.