Moby Dick aitzakiatzat hartuta, argazki lehiaketa antolatu du liburutegiak
Hamahiru gunez osatutako 'Balearen Ibilbidea' izeneko mapa osatu dute antolatzaileek; irudirik onena lortzen duenak 100 euroko erosketa txartela jasoko du.
Herman Melville – Moby Dick Argazki Lehiaketa antolatu du udal liburutegiak Moby Dick zikloaren barruan. Balearen Ibilbidea izenburupeko mapa osatu dute antolatzaileek horretarako. SantaMariaMadalena Tailerreko arduradunek apaindutako sei erakusleihoez gain, zikloan parte hartutako beste leku eta eragileak biltzen ditu mapak, denera, hamahiru. Bide hori eginda argazkirik onena egiten duen lehiakideak irabaziko du txapelketa.
Hori horrela, parte hartu duten eragileei, lekuei edo saltokietako erakusleihoei argazkia ateratzea da helburua. SantaMariaMadalena tailerretik aurreratu dutenez, ondokoak dira apainduko dituzten erakusleihoak: Baratze, Xera, Iraola farmazia, Joxan harategia, Canela eta Ongi Etorri.
Behin-betiko erabakia hartzeko garaian, argazkiaren kalitatea eta originaltasuna kontutan hartuko ditu epaimahaiak, baita sare sozialetan jasotako Atsegin dut kopurua ere. Twitter, Facebook edo Instagram bidez partekatu beharko da argazkia, #MobyDickHondarribia traola erabiliz eta Hondarribiko Liburutegia etiketatuz. Irudia zergatik nabarmentzen den azaltzeko iruzkina idazteko aukera ere izango dute partaideek.
Gaurtik hasita eta hilaren 10era bitartean parte hartu ahal izango da lehiaketan eta hilaren 16rako emango dute jakitera zein izan den irabazlea. Lehiaketan parte hartzen duten establezimenduetako batean gastatzeko 100 euroko erosketa txartela jasoko du garaileak.