Irundik milioika sakelakora
Irungo Etorki Games bideo joko enpresak izugarrizko arrakasta eskuratu du azken hiru tituluekin. Irailaren 27an kaleratu zuten azkena, ‘Ice Scream’, eta jada hiru milioi deskarga izan ditu.
Oraindik Euskal Herrian ezagunegiak ez diren arren, mundu osoko milioika eta milioika jarraitzaile batu dituzte Alex Camarero, nahiz Ion eta Pablo Ocasar anai irundarren sorkuntzek. Azken zazpi urteotan, sakelako telefonoetarako bideo jokoak sortzea izan da euren jarduna, Etorki Games enpresa ireki zutenetik. Ordutik, eta pixkanaka, munduko enpresa onenen parean lehiatzea lortu dute, zoratzeko moduko emaitzak lortuz.
Ocasar anaiak programatzaileak dira, eta Camarerok, aldiz, diseinu lanak egiten ditu. 2013an eman zuen hirukoteak enpresa sortzeko pausoa, sakelakoetarako bideo jokoetan «hutsune» bat zegoela ikusita. «Masterreko praktika garaian ohartu ginen hemengo aisialdiko bideo jokoen enpresarik ez zegoela», dio Ionek. Bost bat hilabeteko proba baten ostean, enpresa sortzea erabaki zuten. Ibilbide motz baina era berean emankor honetan, 20 joko baino gehiago sortu dituzte, askotarikoak.
Hasieran, zenbait estilotako jokoak sortzeko apustua egin zutela kontatu du hirukoteak, baina bereziki beldurrezko jokoetan aurkitu dutela arrakastarako gakoa. «Orain arte merkatua ikertzen ibili gara. Denetarik egin dugu. Gerora, beldurrezko merkatua gutxi esplotatutakoa zela ikusi genuen, eta hor aurkitu dugu gure egungo hobia», azaldu du Camarerok. Hala, Evil Nun jokoarekin, lehen arrakasta heldu zela kontatu dute, harro. Baina ez azkena.
Orotara, beldurrezko hiru joko kaleratu dituzte azken hiru urteotan, guztiak arrakasta handikoak: Evil Nun, Mr. Meat eta Ice Scream. «Beldurrezko hiru jokoen artean, 30 milioi deskarga baino gehiago izan ditugu», dio Pablok. «Ez gara kontziente Irungo bulegotik zenbat jenderengana heltzen garen, ikaragarria da, izugarria», gehitu du Ionek. Are gehiago. Irailaren 27an kaleratutako Ice Scream jokoak hilabete baten buruan, hiru miloi deskargako langa gainditu du. Beste arrakasta bat irundarren poltsikora.
Sinestezinak diruditen datuak dira, hori argi dute hirurek. «Ez genuen sekula pentsatu zenbaki hauen bueltan egoteko aukera izango genuenik, errekorrak hautsi dituzte jokoek», dio pozik Ionek. Datu adierazgarri bezala, joan den larunbatean minutuko 200-300 deskarga izan zituen Etorki Games-en azken sorkuntzak.
«Larunbatean, egun bakar batean, jokalari guztiek jokatzen pasatutako denbora gehituta, 18 urte inguru pasatu zituzten», zehaztu du Camarerok. Hori gutxi balitz, larunbat berean Youtube sare sozialeko bideo jokoen atalean, AEBtako tendentzietan lehen postuan azaldu zen irundarren lana, lorpen izugarria irundarrentzat. «Munduko youtuber famatuenaren aurretik agertu zen gure jokoa, oraindik ez dugu sinisten», aitortu du Pablok.
Enpresaren gorakada «organikoa» izan dela nabarmendu dute hirurek. Bilaketetan zein jokoak deskargatzeko atarietan lehenak agertzeko sekula dirurik ez inbertitu izanaz harro daude. «Bideo joko sortzaileek dirua sartzen dute eurena lehenengo postuan azal dadin, guri ez zaigu inbertitzea interesatzen. Jokoak biral egiten ditugu», dio Ionek. Horretarako, sare sozialak ongi kudeatzea ere izan da jokoen arrakastaren giltzarrietako bat. «Ez dugu sekula ezer ordaindu, marketinari dagokionean zero euroko inbertsioa egin dugu», azaldu du Camarerok. Gainera, erabiltzaileekin feedback handia dutela aitortu dute. Jokalarien iradokizunak kontuan hartzen dituzte, eta nabarmendu dutenez, beti erantzuten diete jokalarien mezuei. Elkartruke horren adibide garbia izan da azken jokoa. «Ice Scream jokoaren izena jokalariek erabaki zuten, haiei utzi genien sortzeko aukera. Enpresa handietan hori ezinezkoa litzake», gehitu du Camarerok.
Gaur egun bereziki gaztetxoen artean oso modan dauden youtuber delakoak ere baliatu dituzte jokoei oihartzun handiagoa emateko. Azken aldian youtuber sare indartsua osatu dutela nabarmendu dute, eta haiek izaten direla joko berriak probatzen lehenak.
Sareetan, Etorki Games izena baino, Keplerians bezala ezaguna egin da sortzaile taldea. Jokoak deskargatzeko plataformetan izen hori erabiltzen dutela argitu dute, eta jarraitzaile sutsuenek horrela ezagutzen dituztela: «Keplerians gure ezaugarri nagusia da, sare erraldoia osatu dugu izen honekin».
Bada, nolakoa da joko bat zerotik sortzeko prozesua? Bi ataletan banatzen dutela azaldu dute. Camarerok pertsonaia eta leku guztiak diseinatzen ditu, ondoren, 3D formatuko irudiak animatzeko. Ocasar anaiek, aldiz, arte guztia bideo jokoan sartzen dute, instrukzio, interakzio eta puzzle guztiei logika emateko.
Umorea ere bai
Oro har, beldurrezko etiketa dute jokoek, baina umore ukitu bat ere eman nahi izan diete guztiei. «Beldurra pasatzeko jokoak ez dira, batez ere sustozko jokoak direla esan dezakegu. Esaterako, youtuber-ek umorezko bideoak egiten dituzte jokatzen ari diren bitartean», azaldu du Ionek.
Kaleratu dituzten bideo joko guztiak doan izanik, finantzazio iturria izaten ohi da kasu hauetan erronka nagusietako bat. «Telebistaren antzera funtzionatzen du, publizitateagatik diru kopuru bat jasotzen dugu». Gainera, Evil Nune jokoan esaterako, erabiltzaileek pertsonaiak eta gehigarriak erosteko aukera jarri dute, hortik ere diru kopuru bat jasotzeko asmoz.
Mundu osora
Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian deskarga ugari dituztela diote, baina bereziki munduko beste puntako jokalariak direla gehien jokatzen dutenak. «Ez da beti berdin izaten, baina deskarga gehienak Errusia, Brasil eta Indiatik izaten dira», azaldu du Camarerok. Txinan eta Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ere jarraitzaile asko dituztela diote, eta bereziki azken hartara heltzea izango dela hurrengo helburu nagusia. «Bideo jokoen enpresa guztiek bezalaxe, AEBetara iristeko helburua dugu, haiek dira jokalari fidel eta onenak», gehitu du diseinatzaileak.
Hirukoteak aitortu du oso gutxik dakitela Irunen maila horrelako enpresa bat dagoela hirian. «Ziur irundar bat baino gehiago, hemen egina dela jakin gabe, gure jokoren batean aritzen dela», dio, barrez, Camarerok.
Urte luzez hirurak aritu arren, azken urteotako arrakastak taldea handitzera behartu ditu. Orain, sei lagunek egiten dute lan Etorki Games-en. Horrela, joko gehiago sortzeko aukera dutela nabarmendu dute. «Joko handiak sortu beharrean, txiki gehiago egiten ari gara. Orain dena azkarrago egiten dugu», gehitu du Camarerok.
Orain arteko guztia lortzeko bidea zaila izan dela adierazi du hirukoteak, ordu asko pasatu dituztela ordenagailuaren pantailari begira, eta bereziki sakelako telefonokoari. «Enpresa sortu genuenean EAEn erreferente izateko helburua jarri genuen, eta uste dut horretara heltzen ari garela», dio Pablok.
Etorkizunari begira erronka asko dituztela esan dute, baina orain arte bezala jarraitzeko asmoa dute. «Hurrengo helburua litzateke joko egonkorragoak sortzea, jokalariek urtebete pasa dezaten jokatzen, adibidez».
Etorki Games-en sorkuntza guztiak sakelako telefonoentzako plataformetan eskuragarri daude. Enpresaren informazio gehiago jasotzeko, www.etorkigames.com webgunea edota enpresaren Facebook orrialdea bisita daitezke.