Noraezean hegan jarraituz
Loiurako desbideratzeekin ezinegona agertu dute Hondarribiko Vueling-eko bidaiariek; aireportuaren bideragarritasunak eztabaidaren erdian segitzen du.
Hondarribiko aireportuaren goranzko joera etengabea izaten ari da aurten. Bidaiari kopuruak gora egin du, eta sasoi onean ekin dio aireportuak 2019ko ekitaldiari. AENAk zabaldutako azken datuen arabera, irailean %12,9 hazi zen erabiltzaile kopurua. Are gehiago, iazko zenbakiekin alderatuta, 2019ko urtarriletik irailera bitartean 242.462 bidaiarik erabili dute azpiegitura; hots, 2018an baino %9,2 gehiagok.
Datu positiboen aurrean, hala ere, aireportuaren bideragarritasunak eztabaidagai izaten jarraitzen du. Hala adierazten du hil honetan bertan Vueling konpainiak egindako aurrerapena: arrazoi komertzialak medio, 2020ko urtarrilaren 8tik aurrera Hondarribitik Bartzelonarako zerbitzuak murriztuko ditu.
Aireportua sustatzeko Ortzibia sozietateak, hala ere, beste berri bat argitara eman zuen gutxira, eta 2020ko otsailaren 13tik aurrera konpainiak zerbitzua berreskuratuko duela ziurtatu zuen. Ez hori bakarrik. A320neo hegazkinaren aldeko «apustu irmoa» egin zuten elkarteak eta konpainiak ondoren. Atzerapenak ekiditea eta zailtasun teknikoak gainditzea da aireontzi berriaren helburua, eta bide batez, bidaiarientzako leku gehiago eskaintzea. Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatu eta Ortzibiako presidente Rafaela Romeroren hitzetan, «hegaldi gehiago eskaintzeko aukera emango du aireontziak, eta horrekin operatzea segurua dela demostratzean, helmuga berriak bilatu ahalko ditugu».
Momentura arte, baina, ezinegona besterik ez dute agertu erabiltzaileek konpainiarekin. Desbideratzeen eta atzerapenenengatik kexu agertu dira batez ere. Eta erreklamazioak jartzeko garaian aurkitutako trabek ez dute egoera arintzen lagundu. Hala azaldu du Arantxa Olaizola hondarribiarrak orain gutxi bizitako egoeraren inguruan. Goizeko 05:00ak zirenean Vueling-eko aplikazioan irakurri zuen haren hegazkina matxuratuta zegoela. 08:30erako aurreikusia zegoen hegaldia hasiera batean. Abisua jaso eta bi ordura iritsi zen aireportura, eta harridura eragin zion aire konpainiaren leihatila oraindik itxita egoteak.
Handik gutxira, Loiuko aireportura eramango zituztela jakinarazi zieten, baina autobus bakarra zegoela-eta ez zuela bidaiari kopuruaren adina leku. Beraz, erdia 08:00etan eramango zituzten Bilbora, eta beste erdia 09:00etan. Lehen autobusa, ordea, atzerapenarekin iritsi zen. «Dena oso gaizki antolatuta zegoen. Gainera, ilaran zeuden bidaiariek kontatu zidaten ez zela egoera hori bizitzen zuten lehen aldia. Iaz Florentziara joatekoak zirela Bartzelonarekin konexioa eginda, baina matxura argudiatuta Bilbora eraman zituztela», adierazi du Olaizolak.
Ildo beretik mintzatu da Fernando Romero Bartzelonan egokitutako irundarra. Zortzi bat aldiz egin du hegan Vueling-ekin, eta bueltan zetorrela hirutan Loiura bideratu dutela azaldu du. «Eguraldi txarrarengatik zela esan ziguten, baina Bilbora iritsita ez zuen ez haizerik ezta euririk egiten. Beti azken orduko hegaldiarekin gertatu zait. Gainera, Donostiara nire kabuz etorri behar izan dut».
Ez dira kasu isolatuak Romerorena eta Olaizolarena. Susana Fernandez ere Bartzelonan bizi den bidasoarra da. Haren kasuan ere, eguraldi txarra medio, hark hartu behar zuen hegaldi bat Bilbora desbideratu behar izan zutela azaldu du. Romerok bezala, Bilbora iristean ez zuen ez euririk ez haizerik egiten: «Maiz gertatzen dela esan zuten bidaiariek, pilotuek ez omen dutelako Hondarribira joan nahi».
Ibai Harris hondarribiarraren kasuan, Bartzelonatik Hondarribira joan nahi, eta «inongo azalpenik eman gabe» bertan behera utzi zuten goizeko lehen orduan hartu behar zuen hegaldia: «Berehala etortzeko premia nuen, eta beraz, korrika eta presaka autobus bat bilatu behar izan nuen».
Hobera egin du egoerak
Hernan Ordoñezek Bartzelonan lan egiten du, Bidasotik Kataluniarako bidea astero egiten du. Komunikazioak zein konpentsazioek huts egiten dutela iritzi dio, «Twitter bidez eman izan digute aldaketen berri, eta konpentsazioa? Lana galtzera iritsi naiz haien erruz». Baikorra da, halere, gaur egungo egoerarekin, «pistetan egindako lanek eta hegazkin aldaketek egoera hobetu dute». Halaber, hegazkinak desbideratzen dituzten kasuetan Biarritzeko aireportura egitea aldarrikatu du, eta ez, ordea, Bilbora.
Konpentsazioetaz ere hitz egin du Olaizolak, haserre. Vueling-eko langileei ordain ekonomikoa ote zegokion galdetuta, erantzuna baiezkoa izan zela azaldu du. «Horra hor nire ezustekoa, erreklamazioaren zergatia zehazterako garaian aukera bakarra hiru ordu baino gehiagoko atzerapena zela ikusi nuenean», adierazi du. Aireportu aldaketarengatik, aldiz, ezin izan zuen kexarik jarri, «nire hegaldia askoz garestiagoa zen Hondarribitik ateratzeagatik». Konpainiarekin harremanetan jarri arren, aireportu aldaketarengatik konpentsazio ekonomikorako prestutasun eza agerian gelditu zen haren ustez. AESAren bitartez aurkeztu behar izan du erreklamazioa azkenean.
Plataforma bat eratzea edo Change.org-en sinadura bilketa abiatzea ontzat jo du Olaizolak. «Ez da zerbait isolatua. Niri gertatu eta astebetera lagun bati ere gertatu zitzaion, argudio bera erabilita, eta ez da lehen aldia».
Vueling konpainiak ez die HITZAren kontaktu eskaerei erantzunik eman.