Haize boladek kalte ugari eragin dituzte asteburuan Irunen
Udaltzaingoak eta Babes Zibilak 100dik gora telefono dei jaso dituzte, eta zenbait gunetan, haizeak orduko 160 kilometroko abiadura gainditu du.
Arazo ugari eragin ditu asteburuko alerta laranjak. Atzo eguerdirako amaitutzat eman arren, larunbat eta bereziki igandean zehar kalte ugari sortu ditu Irungo zenbait eremutan. Halere, zorionez, ez da kalte pertsonalik izan. Gaur kalte horien inguruko balorazioa egin du Irungo Udalak.
Udaltzaingoak eta Babes Zibilak 100dik gora telefono dei jaso dituela zehaztu dute, eta zenbait gunetan, haizeak orduko 160 kilometrokoko abiadura gainditu duela. Haize horrek arazo ugari eragin ditu, besteak beste, Juan Thalamas Labandibar kalean, Artia eta Behobia artean, Gaspar Montes Iturriotz kalean, Julian Gayarre kalean, Kolon pasealekuan eta Santiago pilotaleku inguruan. Bertan, zuhaitz eta adar ugari erori direla jakinarazi dute; kasu batzuetan errepideak moztera behartu ditu. Zuhaitzez gain, eraikinek ere haize boladaren ondorioak pairatu dituzte. Hala, Javier Esteban Indart eta Anaka kaleetan metalezko zenbait plantxa erori dira.
Gaurko, ordea, abisu horia eman du Euskalmetek. Egoera zertxobait lasaituta, udalak ez ditu asteburukoak bezalako arazorik aurreikusi.